San Martin Agirre plaza berrurbanizatzeko lanak lizitaziora atera ditu Bergarako Udalak

Mirari Altube Arrese 2025eko abenduaren 1a

2.196.66,20 euroren truke (BEZ barne) atera ditu lizitazio publikora Bergarako Udalak San Martin Agirre plazako eta haren ingurua berrurbanizatzeko obrak. Eta 2026ko udaberrian hasteko asmoa adierazi du, Barrenkaleko lanak bukatutakoan.

Espazioaren "kalitatea hobetu" eta plazaren "izaera historikoari eustea" da asmoa, "eguneroko topaleku eta jai ospakizunetarako gune gisa indartuz". Lanak ez dira gaur egungo plazara mugatuko; aldameneko kaleetara ere zabalduko da: Xabier Maria Munibe plaza, Konbenio kalea eta Bidekurutzeta kalearen zati bat barne, Munibe plazaren amaierara arte. Halaber, Artekaletik eta San Pedro elizatik plazarako sarbideak ere hartuko ditu.

Proiektuak aurreikusten du azpiegitura berritzea, ur hornidura, euri uren eta saneamendu sarea, argindarra, telekomunikazioak eta argiteria publikoa barne. Zoladura eta espazioaren antolaketa berria egingo dute, plataforma bakarreko diseinuarekin, "oinezkoei lehentasuna" emanez eta ibilgailuen "zirkulazioa mantsotuz".

Horrez gain, altzariak eta berdeguneak sortuko dituztela iragarri dute: bankuak, lorategiak eta atsedenlekuak. Gainera, San Juan suarentzako gune berezi bat prestatuko dute jai tradizionaletarako, eta gaur egungo 22 aparkaleku mantendu egingo dira, diseinu diskretuagoarekin.

Barrenkaleko zein San Martin plazako lan horiekin, "alde zahar atseginago" bat sortu nahi du Udal Gobernu Taldeak, horrek "eragin zuzena" izango duelakoan beste hainbat sektoretan; herriko merkataritzan zein ostalaritzan, esaterako.

Proiektua Vaumm Arkitektura eta Hirigintza SLP enpresak idatzi du, eta Aranzadi Zientzia Elkarteak arkeologia kontrola egingo du lur mugimenduetan. Obraren aurrekontua 2.196.666,20 eurokoa da (BEZ barne), eta kontratazioa prozedura irekiaren bidez egingo da.

Gorka Artola alkateak egingo den inbertsioa nabarmendu du: "Bergarako hiriguneko topagune nagusia izan da betidanik eta Udalak espazio hori berritu nahi du eguneroko bizikidetzarako eta jai ekitaldietarako gune egokia sortuz, irisgarritasun arauak betez eta espazioaren kalitatea hobetuz. Auzo ezberdinetan egiten ari garen bezala, herrigunearen sinbolo nagusienetariko bat den San Martin plaza berritzeko inbertsio garrantzitsua egingo dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak