Mikel Deunaren elizan, ehun pertsona inguru batu dira, gaur, domeka, Angiozartarra Esan eta Izan egunaren harira. Auzoko dantzariek eman diote hasiera ekitaldiari, Gerra Zibilaren aurretiko aurreskuaren bertsio bat dantzatuz, eta, ondoren, Mila Elorzak, Angiozar Bailarako alkateak, hartu du hitza. Bertako jendea agurtuz hasi du hitzartzea: "Gaur geu gara protagonista etorkizun oparo baten bidean eman nahi dugun pauso honengatik. Goimendi, Zabaletamendi, Asentzio, Mainddao, Partaitti, Azkuneta, Errekaldea eta Kalearentzat nahi dugun etorkizuna bertatik pentsatu eta gauzatu gura dugu".
Ondoren, erakundeetatik etorritako ordezkariei ere eskerrak eman dizkie bertaratzeagatik. Tartean izan dira: Gipuzkoako Batzar Nagusietatik, Maddalen Iriarte eta Zelai Amenabarro; Bergarako Udaletik, Gorka Artola, Janko Gamboa eta Ainhoa Lete; eta inguruko udalerri eta auzoetatik, hainbat ordezkari.
Urteetako "borrokaren" ondorio
Elorza alkateak nabarmendu duenez, gaurko eguna "urteetako borrokaren ondorioa" eta "belaunaldiz belaunaldiko etengabeko lanaren emaitza" izan da. Izan ere, aspalditik zegoen Angiozar Tokiko Entitate Txiki izendatzeko ideia auzoan, eta, gaurkoan, horrek suposatzen duena azaldu die bertaratutakoei auzoko batzordekide Unai Asurmendik: "Ez dadila inor beldurtu, honek ez du esan nahi Debagoienak udalerri berri bat izango duenik. Honekin, autonomia puntu bat lortuko dugu etorkizuneko erronkei heltzeko".
Ekitaldian, Asurmendik eta Bergarako alkate Gorka Artolak argi utzi nahi izan dute aldaketa honek ez dituela harremanak etengo, eta erabakiak elkarlanean hartuko dituztela iragarri dute "baliabideen jasangarritasuna" bermatzeko eta "bientzako onuragarria" izateko. Izendapen honekin, Angiozarrek hiru gauza irabaziko dituela azaldu du auzo batzordekideak: ordezkaritza eta onespen publikoa, eskuduntza eta aurrekontu propioak, eta inbertsio aldiberekotasuna.
Gipuzkoan bosgarrena
Ondo bidean, Bergarako Udalak abenduko plenoan onartuko du Angiozar Bailara Tokiko Entitate Txiki izatea, eta, gauzak horrela, Gipuzkoako bosgarrena izango litzateke; Ereñotzu, Igeldo, Itziar eta Itsaso dira besteak. Asurmendik azaldu duenez, Debagoiena eta Urola bailaretan "herri ugari daude udalerri baten parte direnak" –Debagoienean, adibidez, biztanle kopurua begiratuta, Leintz Gatzaga baino handiagoa da Angiozar–. Horregatik, izendapen hau Gipuzkoako herrien artean "oinarrizko ekipamendu eta zerbitzuak bermatzeko modu ekitatiboago bat" izango dela adierazi du Asurmendik.
Azalpenak amaituta, Virginia Imazek monologoa eskaini du, elizan bertan, eta osteko luntxarekin amaitu dute ospakizun jaialdia.