Gazteendako etxebizitza publikoetarako lurzorua jar dezala eskatu dio Bergarako EAJk EH Bilduri

Jokin Bereziartua Lizarazu 2025eko azaroaren 25a

Bergarako EAJko udal taldeko zinegotziak, batzokiaren atarian. Argazkia: Bergarako EAJ.

Bergarako EAJk salatu du ez dagoela etxebizitza publikorik Bergaran eta gazteendako 112 etxebizitza publiko eraikitzeko lurzoruak jar ditzala eskatu dio EH Bilduri. "Duela 6 urte baino gehiago eraiki zen Miguel Altunaren eraikin berria, eta EH Bildu ez da gai izan Jaurlaritzarekin hitzarmen bat sinatu ondoren adostutako trukea ixteko", adierazi dute, besteak beste, prentsa ohar bidez. 

EAJk EH Bilduri leporatu dio "bereziki garrantzitsua" den etxebizitzaren gaian beste erakunde batzuei botatzea errua: "Hamalau urtez ezker abertzaleko Udal Gobernuak izan arren, eta EH Bilduko bozeramaileei etengabe etxebizitza lehentasunezkoa dela entzun arren, beste erakunde batzuei botatzen die errua, udal eskumenak beraiek dituztelarik. Gazteentzako etxebizitza publiko eskuragarriagoa eraikitzeko, beharrezkoa da Udalak lursail erabilgarriak jartzea Eusko Jaurlaritzaren esku. Lursail publikorik gabe, ez dago etxebizitza publikorik, eta Udalak ezin du beste alde batera begiratu edo beste erakunde batzuei leporatu etxebizitza nahikorik ez dagoela. Erantzukizuna Udalarena da". 

Duela 24 urteko hitzarmena aipatu dute jeltzaleek

Duela 24 urte adostutako hitzarmen bat ere aipatu dute jeltzaleek, besteak beste: "Victoriano Gallastegi alkatearen (EAJ) eta Eusko Jaurlaritzaren arteko hitzarmena lortu zen duela 24 urte, S-4b sektorean, Miguel Altuna Lanbide Heziketaren egoitza zaharraren eskola berriaren ondoan, etxebizitza publiko askoz merkeago eraikitzeko. Hitzarmen horretan jasotzen denez, Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartzen du Elemental zaharreko eraikina Udalari lagatzeko, eta Miguel Altuna eskola berri eraikitzeko eta trukean, Udalak konpromisoa hartzen zuen Miguel Altunaren Lanbide Heziketako eskola berria eta 112 etxebizitza publiko eraikitzeko orubeak Eusko Jaurlaritzaren esku jartzeko". 

EAJk salatu du ezker abertzaleko Udal Gobernuek 14 urte daramatzatela etxebizitza publikoko politikarik egiteko gai izan ez direla. "EH Bilduk egin duen bakarra da etxe hutsei OHZren errekarguak jarri, gazteek alokairu gehiago izan dezaten. Neurri horrek, ez du, urrutitik ere, gazteentzako etxebizitza eskuragarrien eskaera konpondu. Gure ustez, etxebizitza eskuragarririk eza arintzeko, herritar guztien kezka nagusia baita, neurririk eraginkorrena etxebizitza publiko berriak eraikitzea da". 

Miguel Altuna berriak sei urte daroatza zabalik

Jeltzaleek gogoratu dutenez, 2019ko irailaren 8an ireki zuten Miguel Altuna berria: "Duela 6 urte baino gehiago sinatu behar zen Udalaren lurren eta Miguel Altuna zaharraren arteko trukea. EH Bilduren kudeaketa baliogabea izan da azken 6 urteetan. Garai honetan operazioa itxita egon beharko litzateke eta gutxienez 112 etxebizitza publiko eraikita egon beharko lirateke. Bergararrentzat proiektu berriak sortzeko Elemental zaharrak ere, Udalaren esku egon beharko luke, eta oraindik egoera hori ez dago konponduta". 

Jeltzaleen arabera, oinarrizko eskubidea den etxebizitzaren eskasia eta garestitzea da "kezka nagusia" herritarrentzat: "Beste behin ere, herritarrentzat eta, batez ere, gazteentzat garrantzitsuena den gaian, EH Bilduk zerbitzu garrantzitsuenak kudeatzeko eta sortzeko gaitasunik ez duela erakutsi du. Horregatik, alkateari eskatzen diogu lehentasuna eman diezaiola herritarrei benetan axola zaizkien gaiei, eta azalpenak eman ditzala zergatik ez den gai izan Eusko Jaurlaritzarekin akordio batera iristeko bere agintaldian, Udala bera izanik interes handiena duena bergararrentzat etxebizitza publikoaren eskaintza nahikoa izateko". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak