Zentzumenen estimulazioan oinarritutako hezkuntza inklusiborako aurten abiatutako proiektua da Lorategiaren taupadak, museoaren oihartzunak egitasmoa. Ibermuseoak Hezkuntza Sariaren XIII. edizioan aurkeztu dute, eta hirugarren saria eskuratu du. Komunitateekin, narratzeko moduekin eta aldaketa-eragile gisa duten funtsezko eginkizunekin duten konpromisoagatik nabarmentzen dituzten proiektuak saritzen dituzte bertan, eta Ertamerika, Hegoamerika eta Espainiako museoek hartzen dute parte bertan.
"Proiektuak duen izaera berritzaileagatik, jasangarritasunagatik eta garatzen den testuinguruan sortzen duen eragin positiboagatik jaso dugu aitorpena", adierazi du Rosa Errazkin, Laboratorium Museoko zuzendariak. "Mundu mailako izen handiko museoekin batera izan gara sarituak. Handia da hori. Pozarren gaude eta ondo egindako lanaren emaitza da. Aurkeztutako proiektuak Laboratoriumen esentzia betea baitu bere baitan. Hezkuntzarako tresna da eta gizartea hobetzeko bitartekari. Saria une berezian iritsi da gainera, gure hamargarren urteurrenaren ospakizunen azken txanpan. Urtemuga berezi honi ginga jartzeko modu ederra da", gaineratu du.
"Proiektu berritzailea"
2024ean Laboratorium Museoak Zentzumenen lorategia egitasmoa jarri zuen martxan, Errekalde Jauregiko ingeles estiloko lorategian garatutako hezkuntza inklusiboko proiektu berritzailea. Alzheimerra duten pertsonentzat zegoen diseinatuta, baina proiektuaren irismena zabaldu, eta gizarte-bazterketa jasateko arriskuan dauden kolektiboak ere gehitu ziren programara.
Proiektua EHUk, Eusko Jaurlaritzak eta Gertu Kulturak garatutako egitasmo batekin lankidetzan sortu zen, EHUko psikologiako adituen parte-hartzeaz. Fase pilotua Bergarako adinekoen zentroko egoiliarrekin egin zen, eta eragin "oso positiboa" izan zuen: "Ingurune naturalarekin izandako elkarreraginak oroitzapenak piztu, erlaxazioa eragin eta lotura soziala indartu zuen".
Proiektu horren arrakastak bultzatu du Laboratorium Museoa aurten programa zabaldu eta Lorategiaren taupadak, museoaren oihartzunak: inklusiorako bidaia sentsoriala egitasmoa abian ipintzera: "Kolektibo berriek parte hartzen dute programan, hala-nola autismoa duten haur eta gazteek eta bakardade egoeran dauden pertsonek".
Hala, ikusmen, ukipen eta entzumen-estimuluko elementuak dituzten zentzumen-espazioak egokitu dira. Material eskuragarriak landu dira –irakurketa erraza, piktogramak– eta bitartekaritza-taldeari prestakuntza espezializatua eskaini zaio. "Proiektu honekin, Laboratorium Museoak gizartea eraldatzeko espazio gisa duen zeregina indartzen du, hezkuntza, inklusioa eta jasangarritasuna kulturaren bidez sustatuz", borobildu du Errazkinek.