Arrizuriaga jauregiko txoko feminista eta kulturgunea 2026ko udaberrian irekitzea espero dute

Jokin Bereziartua Lizarazu 2025eko azaroaren 24a

Arrizuriaga jauregia, atzeko aldetik ikusita. Argazkia: Bergarako Udala.

Bergarako Udalak amaitutzat eman ditu Arrizuriaga jauregiko txoko feministarako eta kulturgunerako prozesuak. Bi proiektuen inaugurazioa eta herritarrei aurkezpena 2026eko udaberrian egitea da asmoa. Udalak azpimarratu du espazio hauek "irekiak eta parte-hartzaileak" izango direla, eta herritar eta eragileekin elkarlanean garatuko direla. 

Bergarako Udalak amaitutzat eman ditu Arrizuriaga jauregian kokatuko diren Txoko Feministarako eta kulturgunerako prozesu parte hartzaileak, eta, norabide horretan, hurrengo urratsak zehaztu ditu. Bi ekimenen bitartez, herriko kultur eskaintza indartzea eta emakumeen ahalduntzerako espazio propioa sortzea izango da helburua.

Txoko feminista, bigarren solairuan

Txoko Feminista Arrizuriagako bigarren solairuan egongo da, eta gogoeta prozesu luze baten ondoren definitu da bere izaera. Espazioak emakumeen ahalduntzea, komunitatea indartzea eta praktika feministak sustatzea izango ditu ardatz, ikuspegi intersekzionaletik eta euskara oinarri hartuta. Udalak langile bat kontratatuko du datozen urratsak herritar eta eragileekin batera garatu eta koordinatzeko, eta, aldi berean, Emakumeen Asanblada sortuko da, prozesuan parte hartu duten 50 emakumeak gonbidatuz, espazioaren funtzionamendua eta jarduerak adosteko.

Kulturgunerako ere beste langile bat

Bestalde, Kulturgunea ere Arrizuriagan kokatuko da, herriko kultur eragileen topagune eta sormen gune gisa. Proiektuaren helburua da kultur eskaintza indartzea eta elkarlana sustatzea. Une honetan, pertsona bat kontratatuko da Kulturgunearen aurkezpena eta lehen jarduerak koordinatzeko, eta propio sortutako batzordea lanean ari da edukia eta antolaketa zehazten.