Beart Egunaren baitan, arte erakusketa eta azoka domekan

Ibai Irasuegi Garai 2025eko azaroaren 20a

Beart Eguneko arte erakusketa, duela bi urte. Irudia: Goiena.

Irala kalean egingo dira ekintza guztiak, baina euria eginez gero udaletxeko arkupean izango dira.

Domeka honetan ospatuko da Beart Eguna. Aurtengo edizioari dagokionez, 11:30etik 13:30ak arte Iraia kalean egingo den arte azokak eta erakusketak emango diote hasiera egunari. Metalezko dozena bat hesi jarriko dira, eta, ohi bezala, parte hartu nahi duten margolarien koadroak erakutsiko dituzte erakusketan. "Formatu, teknika eta gai askotariko lanak" aurkeztuko direla adierazi du Xabier Agirrek, Beart Arte Elkarteko zuzendariak: Erakusketarekin batera formatu txikiko obren azoka egongo da kalean, eta "lagunarteko bazkaria" egingo dute udal igerilekuetako jatetxean, jardunaldia amaitzeko.

Aurten erretiratu berri den Xabier Azkarate omenduko du Beart Arte Elkarteak, "kulturarekin eta arte elkartearekin" izandako loturarengatik. "Udaleko atezain lanak egiten hasi zen, baina urteen poderioz gero eta pisu handiagoa hartu zuen Aroztegi erakusketa aretoan; kultura laguntzaile ezinbesteko bihurtu zen arte. Haren profesionaltasuna funtsezkoa izan da erakusketa bakoitzaren muntaketan", nabarmendu du Agirrek.

Beart, 30 urtez

Aurten 30 urte bete ditu Beart Arte Elkarteak. 2010ean antolatu zuten Beart Eguna lehenengoz, margolari bergararren talde-ospakizun bat egiteko helburuarekin. Bingen de Pedrok, garai hartako elkarteko presidenteak, azaldu duenez, kaleko arte erakusketa, bermuta eta aniztasun bazkaria antolatu ziren lehen ediziorako, eta, geroztik elkartean gauza asko aldatu badira ere, Beart Egunak urtero antolatzen den ospakizun eguna izaten jarraitzen du Bergaran.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak