Musikaz beteta egongo da Santa Zezilia Eguna Bergaran

Ibai Irasuegi Garai 2025eko azaroaren 20a

Bergarako Musika Bandaren iazko kontzertua, Santa Zeziliaren omenez. Irudia: Artxiboa.

Santa Zezilia musikarien patroiaren egunaren baitan, domeka honetan Bergarako txistularien kalejira eta Bergarako Musika Bandaren kontzertuak egingo dira Bergaran; Musika eta Dantza eskolako haurrek kalejira bat egingo dute Antzuolan.

Santa Zezilia musikarien patroia musikarekin omenduko dute Bergarako Txistulari Bandak eta Musika Bandak domeka honetan, hilak 23. Txistulari Bandak, goizeko hamaiketan hasita, kalejira egingo du Bergarako kaleetan zehar, eta ondoren, 12:30ean hasita, Bergarako Musika Bandak bost kantuz osatutako doako kontzertua emango du Udal Pilotalekuan. Arrasateko Musika Bandak Santa Zeziliaren omenez egiten duen kontzertua "berezia" dela dio Enrike Txurrukak, Bergarako Musika Bandako zuzendariak: "Musikariok ospatzen dugun eguna izanda, beti saiatzen gara kontzertu berezi bat prestatzen, obra garrantzitsuagoak eta zailagoak sartuz".

Beraz, domekan bost kantuko errepertorioa izango du musika bandak: Sergi Pastor malagarraren Daniela Gomez kantua, Giuseppe Verdiren Nabucco kantuaren operako irekidura, Bergarako Miguel Gonzalez Bastida maisuaren El metrónomo de Maelzel, Jonah de Meij herbeheretarraren gaur egungo Continental Oberture eta Astor Piazzola argentinarraren Libertango, hain zuzen ere.

MUSIKA ETA DANTZA ESKOLAKO HAURREK HAINBAT EKINTZA EGIN DITUZTE ASTE OSOAN

Bandako zuzendariak azaldu duenez, kontzertua prestatzeko lan berezia egin behar dute: "Saiatzen gara edozein kontzertutarako geure burua pixka bat estutzen; gure maila ez galtzeko. Baina kontzertu hau berezia da guretzat, eta lan berezia eskatzen du horrek. Entseguetan xehetasunak asko landu, zati bakoitza behin eta berriz errepikatu…". Hala ere, azken emaitza ona baldin bada "esfortzu guztiak" merezi duela nabarmendu du Txurrukak, eta domekarako "gogotsu" dagoela dio bandako zuzendariak: "Entzuleek ere badakite kontzertu berezi bat eskaintzen saiatzen garela, eta frontoia bete egiten da urtero".

Orkestra sinfonikoa aurrekoan

Joan den zapatuan, Orkestra Sinfonikoak kontzertua eman zuen Mariaren Lagundia elizan. Bost piezako errepertorioa jo zuten, eta, joan den asteburuko kontzertuaz gainera, Txurruka "oso pozik" dago azkenaldian Bergarako Musika Elkarteak egiten diharduen lanarekin: "Eliza bete egin zen, eta ikusleak gustura gelditu ziren. Lan handia egin genuen kontzertu hura prestatzen, eta lan horren fruitua ikustea oso pozgarria da guretzat".

Haurrak ere musika jotzen

Bergarako Musika eta Dantza Eskolak hainbat ekintza antolatu ditu astean zehar. Astelehenean eta barikuan eskolako haurrek hainbat ekintza egin zituzten, eta, horrez gain, zapatu honetan eskolako haurren txarangak kalejira bat egingo du Antzuolan, arratsaldeko zazpi eta erdietan. Santa Zeziliaren omenez eskolak antolatzen duen egitaraua ikasturtean egiten duen lehen musika emanaldia izaten da.

Hala, "aste polita" izaten dela adierazi du Aritz Alustizak, Bergarako Musika eta Dantza Eskolako zuzendariak: "Kurtsoa hasi eta eskolako umeekin egiten diren lehen ekimenetakoak izan ohi dira Santa Zeziliaren omenez antolatzen ditugunak. Haurrek gustura hartzen dute astea, kalejira bat egiten dugu; eta plazan ere jende dezente batzen da haurren emanaldiak ikusteko".

Alustizak azaldu duenez, haurrentzako aukera polita izaten da kurtsoa hasi ahala lehen errepertorioak prestatzen hasteko, baina baita eskolako irakasleek ongi pasatzeko ere: "Irakasleok ikasleekin ospatzen dugu eguna, eta ondoren, amaiera borobila emateko, gure artean afaria egiten dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak