2025eko martxoaren 20ko eta 21eko haizeteak Agorrosin kiroldegiko teilatuaren zati handi bat altxatu zuen, eta teilatuan kalte handiak eragin. Orduan, urgentziazko esku-hartze batekin, arazoari behin-behineko soluzioa eman zitzaion eta bi edo hiru astez itxita egon ostean erabilgarri egon zen urrira arte. Gero, urriaren 20an, igerilekuak itxi, eta obrei ekiteko egokitzapen lanekin hasi ziren.
Bergarako Udaleko iturrien arabera, lanak, gaur-gaurkoz, aurreikusi moduan doaz, baina nabarmendu dute klimatologiaren menpe dagoen obra izanik atzerapenak egon daitezkeela. Hala ere, kiroldegiko hainbat erabiltzaileri eragiten dien obra dela aintzat hartuta, adierazi dute ahalegin guztiak egingo dituztela 2026ko otsailean zehar igerilekua berriro martxan egon dadin.
Eragin txikiena sortzeko nahia
Estalkia konpontzeko proiektua Sestra Ingeniaritza eta Arkitektura SL enpresak idatzi zuen, eta lanen exekuzioa Construcciones Castellano SA enpresari esleitu zitzaion, 677.768 eurotan –BEZa barne–. Astelehenean, azaroak 17, Agorrosin kiroldegitik pasatu ziren udal ordezkariak lanei jarraipena egiteko, eta Bergarako alkate Gorka Artolak gogora ekarri zuen zein den lanon helburua: "Obra hauek kaltetutako estalkia ordezkatu eta aurretik atzemandako beste akats batzuk bideratzeko aukera emango digute. Erabiltzaileei ahalik eta eragin txikiena sortzeko helburuarekin planifikatu dira".
Murrizketak abonuetan Bergarako abonatuek Arrasateko, Oñatiko eta Soraluzeko igeritokiak erabiltzeko aukera dute ordutegi murrizketa barik, Mugiment kirol txartela erabilita. Horrez gain, abonuetan egokitzapen batzuk egin zituzten igerilekuko zerbitzua eten zen unetik. Helduen kasuan, hiru egokitzapen: abonu osoa dutenei 26,35 euro kobratzen zaie hileko; abonu arrunta dutenek bainuetxera sartzeko aukera dute; eta bainuetxeko abonua zegoenetan mantendu da. Gazteen kasuan, bi guraso abonatu dituztenek ez dute ordaintzen; guraso bat abonatu dutenek 6,59 euro ordaintzen dute hileko; eta, azkenik, guraso abonaturik ez dutenek 10,55 euro ordaintzen dute hileko. Haur eta gazteei honako murrizketa hauek aplikatu zaizkie abonuetan: umeen kasuan, guraso bat abonatu dutenek ez dute ordaintzen eta gurasorik ez badute abonatuta 6,59 euro ordaintzen dute hileko.
Igeri Elkartearen hasiera ona
Agorrosin kiroldegikoak itxi zirenetik Elgoibarko udal igerilekuak erabiltzen ditu Bergara Igeri Elkarteak. Elkarteko entrenatzaile Asier Perezen arabera, "eragozpenak eragozpen", Elgoibarren "oso gustura" ari dira: "Hasieran apur bat gogorra egin zitzaigun dinamika hartzea, baina behin dinamika hartuta ondo ari gara moldatzen. Ohi baino gutxiago entrenatu arren, denbora hobeto aprobetxatzen ikasi behar izan dugu".
Egoera berrira egokitu ostean, emaitza onekin hasi du denboraldia Bergara Igeri Elkarteak
Perezek aitortu du Bergaran entrenatzen zirenean beroketari garrantzi handiagoa ematen ziotela: "Igerilariak lehenago heltzen ziren igerilekura, eta denbora ematen zigun beroketa egoki bat egin eta mugikortasuna lantzeko. Orain, baina, lanketa hori alde batera utzi behar izan dugu, edo, gutxienez, ez diogu lehen besteko denborarik eskaintzen, orain oso justu gabiltzalako. Egia esan, entrenamendua egokituta, antzerako emaitzak edo hobeak ari gara lortzen. Taldea bereziki motibatuta dago; lehen bi jardunaldietan ondo hasi gara lehiatzen eta taldea inoiz baino hobeto ikusten dugu, jarrera zein gaitasun aldetik. Gustura ari gara, baina Bergarara itzultzeko irrikaz gaude".
