Mondragon Lingua Bergara taldeak lider jarraitzen du Hernani garaituta (31-20)

Imanol Beloki Unamuno 2025eko azaroaren 16a

Mondragon Lingua Bergara emakumezkoen eskubaloi taldea partidu amaieran.

Senior kategoriako Mondragon Lingua Bergara emakumezkoen eskubaloi taldea denboraldi paregabea egiten ari da, izan ere, sei jardunalditik, guztiak, irabazi ditu. Gaur, etxean jokatu dute, Labegaraietan, eta Hernaniren kontra 31-20 irabazi dute. Hori horrela, hamabi punturekin liderrak dira sailkapenean.

Eguerdian jokatu da Mondragon Lingua Bergara eta Hernaniren arteko eskubaloi partidua, eta etxekoek irabazi arren, galtzen hasi dira. 1-2 galtzen hasi dira Bergarako neskak, baina, berehala, markagailua irauli, eta, 5-4 aurretik jarria, atzera begiratu gabe, aurretik mantendu dira uneoro. Lehen zatiko amaierara 21-11ko emaitzarekin iritsi dira, eta, hortik aurrera, bigarren zati osoan, maila berean jarraitu dute 31-20 emaitza lortu arte.

"Denboraldiko partidu beteena"

Mondragon Lingua Bergara emakumezkoen eskubaloi taldeko entrenatzaile Asier Eguren "pozik" agertu da emaitzarekin, baina, egindako partidu ona nabarmendu du: "Gaurko partidua ondo joan da eta amaieran esan diedan moduan, aspaldian egin dugun partidu onena izan da. Izan ere, batzuetan kosta egin zaigu denboraldi hasieratik partiduan hastea, eta ondo amaitzea 60 minutuak, beraz, denboraldiko partidu beteena izan da".

Mailaz igotzea helburu

Partidu guztiak irabazi dituzte orain arte, eta euren aurkari zuzena Pulpo taldea dela nabarmendu du Egurenek, nahiz-eta duela bi jardunaldi 28-25 garaitu zituzten bergararrek. Bi puntuko aldearekin bigarren sailkatuak dira, eta hemendik aurrera euren arteko aldea handitu nahi dute, lidergoari eutsiz. "Gure mailan dagoen aurkari bakarra Pulpo da, eta, orokorrean, partiduak lasai irabazita, mailaz igotzea da denboraldi honetan dugun asmoa", nabarmendu du Egurenek.

Hurrengo jardunaldia, berriz, sailkapenean azkenengo postuan dagoen Astigarragaren aurka jokatuko dute etxetik kanpora.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak