Goi Erdi Aro garaian izan zen "euskararen bilakaeraren inguruko teoria hegemonikoak desmuntatzen" ditu Juan Martin Elexpuruk (Bergara, 1950), Elkar argitaletxearekin atera duen Euskararen mende magikoak liburuaren bitartez; batik bat, Euskara Batu Zaharra eta ondorengo euskararen teoria zaharrak zalantzan jarri ditu. Goi Erdi Aro garaian sortu omen ziren euskalduntze berantiarra, -a artikulua, euskalkiak eta Euskara Batu Zaharra aztertzen ditu liburuan. "Euskalduntze berantiarraren puntuan ez dago kontsentsurik, aldekoak eta kontrakoak daude, baina beste hiruretan esan daiteke bestela pentsatzen dutenak gutxi direla, edo bestela pentsatu arren gehienak isildu egiten direla", adierazi zuen Elexpuruk Donostian egindako liburuaren aurkezpenean.
Liburuaren aurkezpena
Bibliografia "zabala"
Lana egiteko, mende haietako euskarari buruzko datu linguistikoak batu ditu Elexpuruk, eta, hain zuzen ere, liburuan datu horiek azaltzen ditu garaiaren inguruan egin izan diren teorien kontra egiteko. "Bibliografia zabala erabili dut, eta beti saiatu naiz aldeko zein kontrako datuak eta argudioak erabiltzen eta kontrastatzen; nahiz eta gero balantza alde batera bideratu den", azaldu du Elexpuruk. Hala, erakutsitako datuen bitartez, bergararraren ustez, "liburuan garbi geratzen da teoria hura hondarren gainean eraikia dagoela".
Teoriak zalantzan
Bergararrak Goienan egiten duen Minpeko barik podcastean duela astebete azaldu zuenez, orain arte sortu izan diren teorien –klasikoaren eta bertsio modernoaren– aurkako hainbat argudio ematen dira liburuan; eta bi teoriak desmuntatzen ditu.
Bergararrak argi du orain arte garatutako teorien aurka egiten duen liburu bat denez ez dela irakurle batzuen gustukoa izango, eta hala dio liburuaren epilogoan: Esku arteko liburura etorrita, baliteke ofizioko gehienak haserretzea irakurtzen dutenean. Baliteke gehientsuak ados egotea lehen atalean esaten denarekin, baina baliteke beste atalarekin gehientsuak sutan jartzea.