Algaraka Bakarrizketa Gauak badu jada artisten zerrenda

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2025eko azaroaren 14a

Algaraka Bakarrizketa Gaua ikuskizunerako aukeratu dituzten artistak. (Argazkia: Goiena)

Abenduaren 19an, Bergarako Seminarixoan izango da ikuskizuna eta oholtzara zeintzuk igoko diren erabakita dago. Guztira hamabi bakarrizketarik eman dute izena eta horietako bost aukeratu dira Bakarrizketa Gauean euren lanak aurkezteko. Laster jarriko dituzte sarrerak salgai.

Jardun Euskara Elkarteak, Goiena Komunikazio Taldeak eta Bergarako Udalak iazko maiatzean elkarlanean egin zuten euskarazko ahozkotasuna, umorea eta sormena sortzeko helburuarekin Algaraka Bakarrizketa Lehiaketa. Lehenengo aldiaren harrera ona aintzat hartuta, bigarrenez egingo dute abenduan, baina lehiaketa formatuan beharrean, umorearen gala edo ikuskizun formatuan.

Aukeraketa, eginda

Ikuskizunean protagonista izango diren artisten zerrenda osatzeko izen ematea zabaldu zuten eta hamabi bakarrizketari aurkeztu dira, guztira, eta horietako bost aukeratu dituzte ekimenaren bultzatzaileek: Ane Lindane aktore eta umorista bilbotarra, "euskal eszenako ahots bereizgarrienetako bat", umore zorrotz eta ironikoa lagun duela; Altsasuko Inixio Amillano, 2023tik komediaren munduan stand-up-aren eta antzerki inprobisatuaren eskutik; Elisabet Mejuto lazkaotarra, kazetaria eta komunikazio politikoan espezializatua; umorearen zirkuituetan bidea egiten diharduen Debako Mitxel Martinez; eta Usue Aspiazu bergararra, zientzia dibulgatzailea eta munduarekiko jakin-min handikoa, txikitatik musika eta kantu munduan aritua eta antzerkian ere bere pausoak emandakoa.

Artisten zerrenda zabala osatu dutela azaldu dute antolatzaileek: "Jatorriari dagokionez, Euskal Herriko txoko askotatik etorriko dira, eta umorea egiteko modua edo lantzen dituzten gaiak ere askotarikoak dira".

Bakarrizketari bi gehiago

Aipatutako bost horiez gainera, beste bi artista gehiago izango dira taularen gainean abenduaren 19an egingo duten umorezko galan; biak ala biak, Bergararekin lotura dutenak: Asier Kortabarria Asier K eta Maria Blanco. "Asier K izango da galaren gidaria; publikoarekin konektatzeko gaitasun berezia du. Eta Maria Blanco, berriz, bakarrizketa-egile gonbidatua, Bergaran bizi den aktore eta umorista gaztea, baina taularen gainean eskarmentua duena".

Algaraka Bakarrizketa Gaua egingo da Seminarixoan, abenduaren 19an, 20:00etan hasita. Lehenengo edizioko formatu lehiakorra alde batera utzita, oraingoan, bakarrizketen gau handi bat izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak