Olaso Dorrea Fundazioaren artxiboak eta Monzon-Olaso Etxe Museoaren bilduma handitzeko ahalegin berezia hasi dute

Txomin Madina Milikua 2025eko azaroaren 13a

Argazkia: Olaso Dorrea Fundazioa

Olaso Dorrea Fundazioak jakinarazi duenez Etxe Museoan erakusketa-areto berri bat eraikitzea da proiektu honen bidez lortu gura duten epe ertaineko helburua. Era berean, Estepan Urkiaga Lauaxeta-ri buruzko erakusketa bat egingo dute abenduan. 

Telesforo Monzonek gordetako Sabino Aranaren mikrofilmatutako obraren kopia bat; Lauaxeta-ren gabardina eta gurutzea;  Agirre lehendakariaren gobernuak Karmele Urrestiri eta Txomin Letamendiri emandako dokumentazioa; bala-tiroz zulatutako Txomin Iturberen alkandora... Monzon-Olaso Etxe Museoaren bilduma handitzeko eta aberasteko Olaso Dorrea Fundazioak hasi duen ahaleginari esker orain arte batutako pieza eta dokumentuetako batzuk dira horiek. 

Azaldu dutenez, hainbat faktore daude ahalegin horren atzean; besteak beste bildumak frankismo garaian jasandako espoliazioaren azterketa bat egiten ari direla eta memoria lantzeko eta ulertzeko gogoa "oso nabaria" dela: "Eskaerak, ekarpenak,  laguntza… jasotzen ari gara lan hori egiteko", adierazi dute.

Gaineratu dute egiten ari diren ahalegin horren barruan objektu eta dokumentu esanguratsuak lortzeko euskal abertzaletasunaren familia ezagunekin harremanetan daudela; baita, elkarlana sustatzeko, beste erakunde eta norbanakoekin ere. Era berean, memoria ez-materiala biltzeko proiektu bat martxan jartzen ari direla ere iragarri dute.

Proiektuari laguntzeko bideak

Lan hori guztia egin ahal izateko laguntza behar dutela adierazi dute, eta horretarako hiru bide azpimarratu dituzte: balio historikoa, etnografiko edota artistikoa izan dezaketen objektuen dohaintza egitea; ekarpena gaitasun profesionaletik egitea; eta dohaintza ekonomikoa eginez laguntzea.

Lauaxeta-ri buruzko erakusketa abenduan

Proiektuarekin lortu gura duten epe ertaineko helburua Etxe Museoan erakusketa-areto berri bat eraikitzea dela ere adierazi dute. Gogorarazi dute, era berean, Estepan Urkiaga Lauaxeta-ren jaiotzaren 125. urteurrenaren harira, abenduan zehar euskal idazle eta kazetariari buruzko erakusketa bat egingo dutela Olaso Dorrean.

'Lauaxeta'-ren gabardina. Argazkia: Olaso Dorrea Fundazioa

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak