Andoni Kortabarria 'Korta': "Bizitzen ari naizen une gozoa baliatzea dagokit orain"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2025eko azaroaren 15a

Andoni Kortabarria 'Korta', azaroaren 8ko borrokaldia irabazi berritan.

KO ikusgarri batekin lortutako garaipenaren zapore gozoa ahoan duela oraindik erantzun ditu GOIENAren galderak Andoni Kortabarria Korta-k (Bergara, 1996). Duela bost urte maitemindu zen boxeoaz, eta horietatik ia lau urte daroatza amateur mailan lehiatzen. Bergaran dihardu lanean, baina duela pare bat urtetik Ordizian bizi da. 

Azaroaren 8ko borrokaldia "berezia" izan dela dio Korta-k, eta ilusioz begiratzen dio etorkizunari. 

Hasieratik nagusi izan zinen, eta KO ikusgarri batekin irabazi zenuen. Pozik ringean egindakoarekin?

Bai. Amateur mailan KO bidez irabaztea ez da erraza izaten, ez da amaiera ohikoena. Berezia izan zen. Borrokaldiko lehen roundetik eroso aritu nintzen ringean, aurkaria soketara eroaten, eta crochet batekin masailezurrean harrapatu nuen; aurkariak konortea galdu zuen eta berehala amaitu zen borrokaldia, antolakuntzak beti babesten du-eta boxeolaria lehendabizi.

KOz galtzetik zetozen zu zeu ere...

Bai... Azken borrokaldiko bigarren roundaren amaieran giltzurrunean jaso nuen kolpe batekin KOz galdu nuen. Horregatik diot arantza ezin hobeto kendu ahal izan dudala; etxean, gertukoen artean. Etxean presio gehigarri bat egoten da, baina ederra izan zen; hiru bider borrokatu naiz Bergaran eta hirurak irabazi ditut. Bergarako lagun eta ezagun asko etorri ziren, eta baita Ordiziatik ere. Ezin dut gehiagorik eskatu.

Nola ospatu zenuen garaipena?

Bikotekidearekin eta lagunekin. Bergaran afaldu eta berehala joan nintzen Ordiziara, etxera.

Diozu garaipena berezia izan zela. Nori eskaini nahi diozu?

Hasteko eta behin, bikotekideari. Azken finean, hura da egunerokoan gehien aguantatzen nauena. Gero, nola ez, etxekoei eskaini nahi diet, eta, gainera, ez ditut ahazteko Bergarako eta Ordiziako kuadrillak. Horrez gain, Sorabox taldearena ere bada garaipenaren zati handi bat. Espero dut inor ez ahaztea...

Noiz da hurrengoa? Noiz igoko zara berriro ring batera?

Seguruenik, urtarrilean izango da. Ez dakit nola planteatuko dugun, hainbat aukera daudelako. Aste honetan kirola egingo dut, baina nahiko lasai ibiliko naiz, eta datorren astetik aurrera eta hurrengo borrokaldira bitartean dena emango dut entrenamenduetan. 78 kilotan lehiatzea da zure asmoa? Ez dakit oraindik. Helburuak zehaztu ahala jokatuko dut pisuarekin; taldean erabaki beharko dugu 75 kilora jaitsi edo egungo 78 kiloetan mantendu. Pisu ezberdinekin borrokatu izan naiz, eta asko aldatzen da dena: borrokaldia bera, baina, bereziki, prestaketa.

Zapatuan nola borrokatu zinen ikusita, bizitzako sasoirik onenean zaudela esan genezake?

Baietz sentitzen dut. Heldutasun puntuarekin, gozatzen nabil, eta bizitzen ari naizen une gozoa baliatzea dagokit orain.

Etorkizunera begira zein asmo duzu? Edo zein amets?

Lehen amets bezala daukat amateur mailan Euskadiko txapeldun izatea, ea aukerarik badagoen. Gero, ibilbidean aurrera egiteko urrats logikoena litzateke kategoriaz salto egin eta neoprofesional mailan lehiatzea. Hortik aurrera, ea profesionaletarako jauzia ematerik dudan.

"Profesional izateko aukera balego, asko eta ondo pentsatu beharreko erabakia izango litzateke"

Nola dago panorama profesional mailan borrokatu ahal izateko?

Neoprofesional kategoria sortu zuten duela urte batzuk, amateurretatik profesional mailarako saltoa ez zedin horren handia izan. Neoprofesional mailan lehiatzeko ez dut espero zailtasun berezirik, baina profesionaletan aritzea beste kontu bat izango da. Hasteko, ea aukerarik dagoen, eta, hala bada, asko eta ondo pentsatu beharreko erabakia izango da. Baina hori urrunago ikusten dut.

Adinean, baina, aurrera zoaz...

Hori ere halaxe da. Oraindik ez naiz zaharregia, baina ia 30 urte ditut. Gazteak, gainera, oso indartsu datoz...

Zer ari da gertatzen boxeoarekin? Zergatik uste duzu bizi duela halako loraldia gurean?

Ez da boxeoa bakarrik, kontaktuzko kirol guztiak gero eta ikusmin handiagoa ari dira pizten. Publikoan gorakada nabarmena izan da eta gero eta borrokalari gehiago dago. Esango nuke askok errespetua eta beldurra kendu diotela, eta horrela jarrai dezala.

Urte askoan fama txarra ere izan dute kirol hauek...

Halaxe da, bai. Historiak utzi dituen adibideak, akaso, ez dira egokienak izan boxeoa gizarteratzeko; drogak direla eta ez direla eta beste hainbat eskandalu... Zorionez, baina, fama txarra albora utzi eta kirola profesionalizatzen ari da, eta esango nuke gizartean irudi aldaketa ere gertatzen ari dela. Horrez gain, atzetik datozen gazteek kirolaren alde ona ikusi dute eta erakargarria zaie.

Soraboxen igarri duzu aldaketa sartu zinenetik gaur egunera?

Ringera igotzeko grina hazi da, eta espero dut halaxe jarraitzea.

Azaroaren 8an debutatu zuten Julen Etxabarri Etxa eta Oier Muñoz, kasu.

Debuta izateko, sekulako mailan aritu ziren, txalotzeko modukoa. Oso gazteak dira, jarrai dezatela horrela lanean; gauza asko egin ahalko dituzte. Bergaran eta bailaran badago harrobia, bai horixe; gero eta borrokalari gehiago gaude, eta gero eta maila handiagoa.

Ezer gaineratu nahi duzu?

Eskerrak eman beharrean nago; bikotekideari, familiari, lagunei eta Sorabox taldeari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak