Barrabiletako eta prostatako minbiziari ikusgarritasuna eman eta minbiziari aurre egiteko ikerketarako dirua batzea helburu duen MovemBer Gara ekimenak hamar urte bete ditu, eta ekintza nagusiak datozen hiru asteburuetan izango dira. Hala ere, orain arte egin dituzte ekitaldi batzuk. Azaroaren 1ean Soraluze-Bergara lasterketan hartu zuten parte taldeko lau korrikalarik eta Irala kaleko azken metroetan Movember Gara pankarta atera zuten. Azaroaren 2an MovemBer Gara abestia aurkeztu zuten Seminarixoan eta hilaren 7an lehen aldiz egin zuten Bingotea Umore Ona elkartean. Aste bukaera honetan bi ekitaldi izango dituzte: gaur, egitarauko klasiko bat den Spinning Rock saioa izango dute Agorrosinen, Azkaiter Peloxek gidatuta (18:30); eta bihar, Alaiberri taldearen kantaldiarekin bat egingo dute; Bodegoiaren atarian abiatuko dute kalejira, 13:00etan.
Txokolatezko biboteak nobedade
Azaroaren 20rako bertso saioa antolatu dute Pol-Pol tabernan (19:30), Aitor Tatiegi eta Urko Arregi bertsolari oñatiarrekin. Azaroaren 22an, berriz, bailarako Movember taldeen topaketa izango dute Arrasateko Seber Altube plazan: txorizoa eta salda jango dute (11:30), bertso-poteoa egingo dute trikitilariekin (12:30), denek batera bazkalduko dute (15:00) eta, amaitzeko, Oihu, Akulu eta Azkaiter Pelox taldeen kontzertuak antolatu dituzte.
Azkaiter Pelox taldeko gidari Unai Azkarate da MovemBer Gara taldeko kideetako bat. Nobedadeen artean badago bereziki gozoa den bat: "Mujika eta Larrañaga gozotegiek bat egin dute ekimenarekin, eta bibote formako txokolatezko pastak egin dituzte. Eskerrik asko!". Egitarauarekin jarraituz, hitzaldi interesgarria antolatu dute azaroaren 26rako Irizar jauregian (19:00); Biodonostian ikerlari diharduen Uxue Lazkano Dobaok (Bergara, 1995) Gizonezkoen osasuna zaintzea izeneko hitzaldia egingo du. Azaroaren 30ean borobilduko dute egitaraua: martxa oinez edo bizikletaz (10:00), biboteen enkantea Irala kalean ADD Blue taldearen zuzenekoarekin (13:00) eta txartelen zozketa.
Arropa berria, bildutakoa gainditzeko
MovemBer Gara taldeak hainbat diru-iturri ditu; iaz 2.900 euro lortu zituzten. Kopuru hori gainditu nahian, aurten, kamisetez gain, biserak eta buffak ere atera dituzte, eta ekintza guztietan izango dituzte salgai, hilaren 30eko zozketarako txartelen antzera. Horrez gain, Pepeluren eta Diego Valorren ileapaindegietan bibotea atontzeko aukera egongo da hil osoan.