Ekitaldian, ikasleek aurreko ikasturtean landutako 12. Garapen Jasangarrirako helburuaren diagnostikoaren emaitzak gogoratu dituzte, eta aurten aurrera eramango diren ekintza eraldatzaileak aurkeztu zituzten. Kontsumo eta ekoizpen arduratsuaren bueltan aritu ziren, besteak beste.
Lehen Hezkuntzako ikastetxeen kasuan, mendi, erreka eta ibai garbiketa antolatzea erabaki zen, zaborra lurrera ez botatzeko kartelak ipiniz. Bigarren Hezkuntzan aldiz, azokan postu bat jartzea, jendeak behar ez dituen produktuak pilatu eta berrerabiltzeko edota behar duenari emateko proposamena martxan jartzea adostu zen.

Foroak, gainera, ikasleek udalaren funtzionamendua eta erabakiak hartzeko modua ezagutzeko aukera eskaini du. Jardunaldian zehar, parte-hartzaileek “Egia ala gezurra” izeneko dinamikan parte hartu dute, kontsumo arduratsuaren inguruko ideiak lantzeko.
Helburu nagusia ikasleen ahotsa entzun eta udalerria jasangarriagoa bihurtzeko bidea elkarrekin egitea izan da.