Espainiako ligako lehen bi partiduak jokatu ditu Burdiñolako alebinen taldeak Labegaraietan izandako kirol jardunaldian. Burdiñola eta Las Rozas –Madril– taldeez gain, Espanya –Mallorca–, Skulls Almassera –Valentzia–, Hornets Catelbisbal –Katalunia–, Morcegos –Galizia– izan dira lehian ibili diren taldeak.
Etxeko taldeak, Burdiñolak, Las Rozasen aurka jokatu zuen lehenengo; jardunaldiko lehen partidua izan zen, 10:00etan. Irabazten hasi arren, galdu egin zuen –3 eta 5–. "Lehen partidua zen eta igarri zen hori. Berdintzea merezi izan genuen, agian, baina azkenean galdu egin genuan. Bigarren partiduan, aldiz, oso ondo jokatu zuten gaztetxoek, ondo aritu zen taldea", dio Agustin Oyangurenek, entrenatzaileak.
Ligako zortzi partidu ditu alebinen ligak eta lehen biak jokatu dituzte orain. Beste hiru asteburu gelditzen zaizkio; urtarriletik aurrera izango dira. Kategoriari eusteko beste bi partidu irabazi behar ditu Burdiñolak.
Alazne Arrietaren debuta
Etxeko taldean, Burdiñolan, debuta egin du Alazne Arrieta gazteak. Goizeko 10:00etan Las Rozas-en aurka jokatutako partiduan izan da; gol bat ere sartu du.