Diseinuaren Ingeniaritza ikasten diharduzu; nola doa ikasturte hasiera?
Oraingoz, nahiko ondo doala esango nuke; nahiko lasai, aurreko urteekin alderatuta. Lehenengo eta bigarren mailetan oinarri teknikoak ikasi genituen, eta orain, hirugarren mailan, lan-mundura begira jarri gara, gauza praktikoak egiten, lanari bideratuta. Lan-karga berdin-berdin da handia, ingeniaritza bat delako. Azterketa pare bat egin ditugu, eta, oraingoz, nahiko ondo joan dira.
Marrazteko zaletasunarekin zerikusirik badu Diseinuaren Ingeniaritza ikasteak?
Nik uste dut guztiz lotuta doala. Arte Ederretan sartzetik gertu egon nintzen, baina lan-mundura begira beldur apur bat ematen zidan bide hark. Azkenean, pentsatu nuen irakaskuntza mundura jotzea, eta iruditu zitzaidan horretarako bide ona izan zitekeela Diseinuaren Ingeniaritza.
Ingeniaritzatik irakaskuntzara?
Irakaskuntzaren munduan sartzea lortuz gero, hainbat ikasgaitako irakasle izateko aukera izango nuke; izan ere, diseinuarekin zerikusia duten oinarrizko gaiak erakusteko gai izango nintzateke bide hori aukeratuz gero.
Marrazketako zein estilotan moldatzen zara ondoen edo zein duzu gustukoen?
Egia esan, ez daukat estilo faboritorik. Marrazketako adar ugari ukitu ditut urte hauetan; akuarelatik hasi, eta muralgintzaraino. Akrilikoarekin eta olioarekin ez naiz askorik ibili. Gustatzen zait kolore apur bat erabiltzea, eta orain hasi naiz digitalki ere margotzen.
Bertsotan eta dantzan ere ibili zara; kultur esparru asko ukitu dituzu.
Artearekin eta kulturarekin lotutakoak, bai. Antzuolan bertsotan ibiltzen naiz; taldetxo bat osatu dugu eta nahiko motibatuta gaude. Dantzari dagokionez, Moises Azpiazu taldean ibili nintzen, irakasle eta ikasle, baina denbora faltagatik alde batera utzita dudan esparrua da. Iruditzen zait garrantzitsua dela gazteen artean norbere gustuko gauzak egitea, bestela betiko kirol estandarrak probatzera mugatzen garelako, ingurukoek ere hala egiten dute eta.
Denbora librean baduzu bestelako zaletasunik?
Askorik ez, egia esan; aurretik aipatutakoak nahikoa dira, kar- kar. Eskalatzen ibili izan naiz, baina alde batera utzita daukat gaur egun. Marrazteko gogoa dudanean hori egiten dut; lagunekin kalera irtetea gustuko dut; eta ikasketek denbora asko kentzen didate.
MOTZEAN
Janari gustukoena? Patata-tortilla.
Abesti bat? Bob Marleyren Redemption song.
Bidaiatzeko toki bat? Turkia.
Patata-tortilla nola? Tipularekin eta gutxi eginda.
Poteoan edateko zer? Garagardoa.
Bergarako toki bat? Goiko estazioa.