Xabier Labaka: "Orain ari naiz bizitzako markarik onenak egiten"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2025eko azaroaren 7a

Xabier Labaka bergararra, Irala kaleko helmugan (32.20).

Balentria itzela egin zuen azaroaren 1ean Xabier Labakak (Bergara, 1994), Soraluze-Bergara lasterketa irabazita (32.20). Gasteizen irakasle dihardu egun; autoan, Bergarara bueltan, erantzun ditu GOIENAren galderak. Badago istorio berezi bat garaipen horren atzetik: bi egun lehenago operatu behar zutenez ez zuen "herriko proba berezia" egiteko asmorik; baina ebakuntza greba batengatik suspenditu, izena eman eta nagusitasunez irabazi zuen. 

Ederra egin zenuen Soraluzetik Bergarara... Zorionak!

Eskerrik asko. Sasoi onean nago, baina irabaztearena beste kontu bat da... Borobila izan zen. Zapatu gauean lokartzea kostatu egin zitzaidan, emozioagatik. Jende askok deitu eta idatzi zidan; izan ere, modua oso berezia izan zen: ez nuen parte hartu behar, nire herrian izan zen, Antxintxika taldekoekin ondoan... Ezin da gehiagorik eskatu.

Nola ospatu zenuen?

Antxintxika taldekoekin afaldu nuen, giro ederrean. Domekan bapo bazkaldu nuen familiakoekin. Handik aurrera, nire asteko errutinaren barruan: astelehenean korrika eta gimnasioa, martitzenean igeriketa eta bizikleta... Irakasle lan egiteaz gain, asko entrenatzen naiz aste barruan.

"Ebakuntzarako lokartu egin ninduten, baina ezin izan ninduten operatu X izpietako langileen grebak eraginda"

Ez zenuen parte hartu behar, eta irabazi; konta iezaguzu hori.

Eguenean ebakuntza bat egin behar zidaten. Ebakuntzarako lokartu egin ninduten, baina ordu eta laurden ingurura-edo medikua etorri zitzaidan esanez ezin izango nindutela operatu, X izpietako langileen grebak eraginda. Ezin nuen sinistu... Ebakuntzagatik lasterketarako boluntario moduan nengoen izena emanda, eta, operazioa atzeratu ostean, neskalagunak komentatu zidan izena emateko... Eta horrela egin nuen; hori bai, aitari eskerrak eman beharrean nago, neuk egon behar nuen bidegurutzean egotearren!

Hasieratik, dena ematera irten zinen.

Beste urteetako irabazlerik ez zegoen, faborito argirik ez. Horregatik, hasieratik oso indartsu hastea erabaki nuen; berehala egin nuen ihes eta atzera begiratu barik saiatu nintzen ibilbidea ahalik eta azkarren egiten.

Luze egin zitzaizun proba?

Mekolalden, seigarren kilometroaren bueltan, izan nuen lehen erreferentzia. Bigarrenari 45 segundo ateratzen nizkion, eta orduan bai hasi nintzen garaipenean serio pentsatzen. Bergaran, San Lorentzoko bihurgunean sartu aurretik, atzera begiratu eta ez nuen inor ikusi; han konturatu nintzen oso zaila izango zitzaiola bigarrenari ni harrapatzea. Lasaitu egin nintzen eta herriguneko azken metroez gozatzeko tartea izan nuen; nekatuta nindoan eta apur bat sufritu nuen, baina eramangarria izan zen, itzela da-eta norberaren izena edo abizena horrenbeste aldiz entzutea. Bakarrik nindoan lasterketa buruan, jende ezagun asko ikusi nuen... Gozamen hutsa. Hori bai, badakit azken metro haietan tartea kendu zidatela atzetik zetozenek.

Eguraldiaz ere gozatu zenuen.

Giro freskoarekin eta bustiarekin ondo moldatzen naiz. Aurreko asteburuan Valentzian lehiatu nintzen, 20 gradutan eta hezetasun handiarekin, eta lasterketa kaskarra egin nuen.

"Kuadrillako baten ama egun hartan bertan hil zen; garaipena hari eskaini nahi nioke"

Txapela norbaiti eskaini nahi?

Urte asko daroat Antxintxika taldeari laguntzen, eta helmugan bereziki taldearekin akordatu nintzen. Horrez gain, kuadrillako baten ama minbiziarekin hil zen egun hartan bertan; lasterketan zehar ikusi nuen laguna, eta hari eskaini nahi nioke.

Noiz hasi zinen antxintxika?

Txikitan triatloian aritu nintzen, baina gero lagata izan nuen hainbat urtez. Pandemian, gertuko batzuek engainatuta, berriro ekin nien triatloiei, eta esan daiteke elite edo goi mailan ari naizela lehiatzen.

Bizitzako sasoi puntu onenean zaudela esan daiteke, beraz?

Azken hiru urteetan lortu ditut nire bizitzako markarik onenak. Ez dakit heldutasuna den edo zer, baina oso une gozoan nago.

Hurrengo geltokia zein? Behobiako irteeran egongo zara domekan?

Ez, Behobia ez dut egingo. Sasoi honekin marka ona egingo nuke, baina ebakuntzarekin-eta deskantsura nengoen bideratuta. Eibarko Asier Cuevasen omenezko lasterketa egingo dut, asko jota, eta gero, deskantsua. Triatloien denboraldia 2026ko otsailean hasiko dut, Logroñoko Tritones taldearekin.

Ezer gaineratu nahi duzu?

Beti ondoan ditudanei eskerrak ematea tokatzen zait, senideei eta Marta neskalagunari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak