2017an eta 2021ean izandako lur-jausien ondorioz hainbat etxebizitza badaezpada hustu behar izan ostean zenbait esku-hartze egin dira Boluko malda egonkortzeko. Astelehenean, azaroak 10, ekingo diote hirugarren faseko proiektua gauzatzeko lanei, eta Udalak aditzera eman du obrek iraungo duten bost hilabeteetan trenbide zaharreko pasabidea itxita egongo dela oinezkoendako.
Pasabidea itxita egongo da Burdinatetik Arane Errekarainoko tartean, eta, beraz, herritarrek zati hura kaletik egin beharko dute: "Udalak eskertzen du herritarren ulermena eta pazientzia, eta gomendatzen du segurtasun neurriak errespetatzea lanek iraun bitartean".
Pantaila dinamiko bat jartzea
Hirugarren fase honetan honako lan hauek daude aurreikusita: 120 metroko luzera eta 3,5 metroko altuera duen pantaila dinamiko bat instalatzea, azaleko lerradurak geldiarazteko; pantailara sartzeko eta pantailari eusteko plataforma bat eraikitzea; ezpondak indartzea hormigoizko harri-lubetekin, eremu kaltetuenetan; sarrerako aldean dagoen fibrozementuzko estalkia duen txabola eraistea; bidegorriaren drainatzea hobetzea eta plataformaren profilaketa.
Milioi bat euro eta erdi guztira
Bergarako Udalak Zubieder SL enpresari esleitu dizkio lanok. Proiektuaren lizitazio oinarria 561.460 eurokoa izan bazen ere, 2025ko otsailaren 5ean sinatutako adjudikazio kontratuan aurrekontua 536.200 eurokoa da. Esan beharra dago orain arteko fase guztietan milioi bat euro eta erdi inguruko inbertsioa egin duela Udalak Boluko malda hartan. Azken lan horiek, dena ondo bidean, bost hilabeteko epean egitea dago aurreikusita. Helburua da, aurreko esku-hartzeen antzera, etxebizitzen eta azpiegituren babesa bermatzea eta lur-jausi "arriskua nabarmen" murriztea.