Guggenheimen egindako ekitaldian parte hartu zuten besteak beste, Kutxabankeko kontseilari ordezkari den Eduardo Ruiz de Gordejuelak eta Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu Mikel Jauregik.
70 urteko ibilbidea duen Danobat Group
Mondragon Korporazioko industria-taldea da Danobat Group; enpresa nagusiak dira Danobat –Elgoibar–, Soraluce –Bergaran– eta Goimek –Itziar– eta makina-erremintaren eta fabrikazio aurreratuaren sektorean munduko erreferenteen artean dago. "Enpresa-talde horrek jakin du eboluzionatzen, teknologia aitzindariak garatuz etorkizuneko erronkei aurrea hartzeko, eta fabrikazio-estandar berriak ezarriz", adierazi dute. Taldeko lehen enpresa sortu zenetik zazpi hamarkada igaro badira ere "abangoardia teknologikoan" jarraitzen du: "Aeronautika, energia, automobilgintza edo trenbidea bezalako sektore zorrotzetarako soluzio aurreratu eta pertsonalizatuen aukera zabalarekin".
2024an 344 milioi euroko diru-sarrerak izan zituen "beste fakturazio-errekor bat hautsiz", horietatik %90 nazioarteko merkatuetatik etorrita: "Izan ere, kanpo-bokazioa da bere nortasunaren beste ezaugarrietako bat. Ekoizpen-lantegiak ditu Alemanian, Estatu Batuetan eta Herbehereetan, bikaintasun-zentroak Alemanian, Italian, Txinan eta Estatu Batuetan, eta salmenta- eta zerbitzu-bulegoak beste herrialde askotan".
Berrikuntza teknologikoa da haren negozio-estrategiaren giltzarrietako bat, eta diru-sarreren % 9 bideratzen du urtero I+G+Bra. Alor horretan ari dira bere langileen % 15, hau da, goi-mailako prestakuntza duten 1.459 lagun. Danobat eta Soraluceren artean 200 patente baino gehiago dituzte beren ibilbide luzeetan, eta 50 patente baino
gehiago ustiatzen ari dira gaur egun. Orain, robotikaren sektorera egin du salto. Haren helburua da hazten jarraitzea Txina, Ipar Amerika eta Erdialdeko Europa bezalako merkatuetan.
Enpresa Berrikuntza saria partekatu zuen Zunibal enpresarekin; 1995an Derion sortua arrantza jasangarrirako eta itsas monitoretzarako soluzio teknologikoen berrikuntzaren eta garapenaren esparruan dihardu.
Javier Ormazabal enpresaburu onena
Made in Euskadi saria, ostera, Idiazabalen egoitza duen Ampo kooperatibak jaso zuen. Eta Euskal Makila saria Bayer AG enpresari eman zioten Donostian egoitza duen Viralgen enpresaren hazkundeari "bultzada erabakigarria" emateagatik.
Euskal Enpresaburu Onenaren saria ere banatu zuten eta Velatiako presidente eta CEOa den Javier Ormazabal Echevarriak jaso zuen. Zamudioko parke teknologikoan du egoitza hamar enpresek osatutako Velatia talde familiarrak, eta "irtenbide teknologiko aurreratuak" eskaintzen dituzte horiek, batez ere planetaren deskarbonizazioan, digitalizazioan, konektagarritasunean eta komunikazioen segurtasunean oinarrituta.