Bergarako ortu komunitarioak: 2025-2029 aldirako deialdia ireki du Udalak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2025eko azaroaren 3a

Ikastaro bat Bergarako ortu komunitarioetan, artxiboko irudi batean.

Bergarako Udalak bigarren deialdia jarri du martxan San Joxepe inguruko lursailetan kokatuta dauden Jorran ortu komunitario eta ekologikoak erabiltzeko baimenak eskatzeko. 2025-2029 aldirako baimenen eskaera litzateke, hau da, onuradunek gehienez 2029ko abenduaren 31ra arte erabili ahalko lukete. Eskaerak aurkezteko epea azaroaren 30ean amaituko da. 

Baratze parkeak 96 lursail erabilgarri ditu, bakoitza 30 eta 50 metro koadroren artekoa. Gainerako azalera erabilera komunitariorako izango da, hala nola, lanabesendako etxola, ureztatzeko putzuak, konpost guneak eta bideak. 

Eskaerak aurkezteko epea 2025eko azaroaren 30ean amaituko da, eta interesdunek Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dute eskaera, 

Baimena eskatzeko, eskatzaileek honako baldintzak bete behar dituzte:
  -Bergaran erroldatuta egotea, gutxienez 6 hilabete lehenagotik.
  -Bergarako Udalarekin zerga betebeharretan egunean egotea.
  -Familia unitate bereko beste kide batek ez izatea beste baratze baten esleipendun.
  -Behin behineko esleipena jasotzen dutenek Jorran elkarteak antolatutako baratzegintza ekologikoaren ikastaroa egin beharko dute.
  -50 euroko fidantza ordaindu beharko da Udal Diruzaintzan.

Esleipen prozesua

Baratzeak zozketa publikoaren bidez esleituko dira. Zozketan parte hartzeko behin betiko zerrenda argitaratu ondoren, zozketaren eguna, ordua eta lekua jakinaraziko dira. Zozketaren emaitzaren arabera, behin behineko esleipendunen zerrenda osatuko da, eta ondoren, baldintzak betetzen dituztenek behin betiko esleipena jasoko dute.

Zozketan parte hartu arren lursailik eskuratzen ez dutenek itxarote zerrenda osatuko dute, eta lursailak libre geratzen badira, zerrenda horren arabera esleituko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak