Antxintxika krosa lagunartean eta giro ederrean egiteko probatzat dute parte-hartzaile askok, eta, hori adierazi dute korrikalari eta patinatzaile askok gaurko lasterketan. Beste hainbatek aldiz, datorren astean izango den Behobia-Donostia probara begira, entrenamendu gisa egiten dute; eta Mikel Cresporen gertukoek, etxekoek eta lagunek ere ez dute hutsik egiten urtero, bera oroitzeko. Guztira, 400 lagun inguru batu dira proba egiteko, baina, horien artean, aurten, handbike modalitateko parte-hartzailerik ez da izan, eta, beraz, patinatzaileak izan dira lehenak Soraluzetik Bergarara arteko bidea egiten. Behin lasterketa hasita, Bergarara bidean euria hasi da, baina, ez da patinatzaile eta korrikalarientzat oztopo izan, Irala kaleko helmugara iristeko.
Patinetan lehenengoak hogei minutuan
Honakoa izan da rollers-en sailkapena: Gizonezkoetan lehena helmugaratzen Aitor Vacas gasteiztarra izan da, Antxintxikako podiuma ondo baino hobeto ezagutzen duena; bigarren sailkatua, berriz, Ximon Villalobos (00:20:26) izan da, eta hirugarrena Julen Urkizar (00:20:31). Emakumezkoetan, berriz, Andrea Acosta izan da garaile, eta justuan irabazi du, izan ere, helmugara iristear zela, erorikoa izan du Irala kalean, helmugako zintatik hiruzpalau metrotara. Bigarren sailkatua Amale Mujika (00:23:54) izan da, eta, hirugarrena, berriz, Oihana Unamuno (00:25:08).
Labaka eta Uribarri azkarrenak
Korrika egin dutenen artean, Xabier Labaka izan da garaile eta bergararra ihes eginda joan da faboritoen aurreik ia ibilbide guztia. Bere esanetan, ez zuen asmorik proba egiteko, baina, azken unean animatu eta garaipena lortu du. "Eguraldi honekin gustura egiten dut korrika eta gustura sentitu naiz. Egia esan, hasieratik tartea atera dut eta zortea izanda, ondo joan da. Faborito handiak ere ez zeuden eta horrek ere lagundu du. Eguen iluntzera arte boluntario moduan nengoen apuntatuta, eta, azken orduan, aita jarri da nire partez, nik izena eman, eta irabazi ", adierazi du Labakak. Berarekin batera, podiuma osatu dute Sergio del Palacio (00:32:46) arrasatearrak eta Ibon Badiola (00:32:53) ondarrutarrak, hurrenez hurren.
Emakumezkoetan, berriz, Ainara Uribarri oñatiarra izan da bizkorrena. Ez zegoen argi gaurko hasiera puntuan izango zenik, baina, azkenean proba egitea erabaki eta garaipena eskuratu du. "Baloratu dut irtetea eta iazko denbora bi minutu jaitsi ditut. Euriak eta eguraldi txarrak onurak ekartzen dizkit, eta oso gustura nago egindakoarekin". Uribarriren segidan, Oihane Sarasketa (00:39:21) eibartarra iritsi da helmugara, bigarren postuan, eta, hirugarren sailkatua, berriz, Miren Josune Bikuña (00:41:36) izan da. Bergarako azkarrena ere Labaka izan da gizonezkoetan, eta, emakumezkoetan, berriz, Mari Zafra (00:42:32). Beteranoetan, berriz, Sergio del Palaciok ere jaso du saria, baina, Juan Martin Elexpuruk ere izan du bere aitortza, Antxintxikako edizio askotan parte hartzeagatik.
Aldarrikapen mezuak proban
Palestinako banderarekin sartu dira hainbat lagun helmugara; Azaroaren 1a izan da Movembergara Taldeko kideak ere pankartarekin ere iritsi dira Irala kalera euren aldarrikapena eginez. Helmugaratzen azkenak, berriz, Mikel Cresporen etxekoak izan dira urtero-moduan. Irribartsu, lagunartean, eta Mikel oroituz egin dute urtero lez Soraluzetik Bergara arteko bidea.