Aste honetan garbiketa lanak egiten ibili ostean, eta, dena ondo bidean, gaur arratsaldean irekiko ditu ateak Labegaraietako kiroldegiko tabernak, beste maizter batek gidatuta. Xabat Irazolak, BKEko hainbat saskibaloi taldetako entrenatzaileak, bi hilabetez hartuko du negozioa, haren bikotekidearen eta senitartekoen laguntzarekin. "2026tik aurrera taberna kudeatzeko lizitaziora aurkezteko asmoa geneukan, baina ikusi nuen egungo tabernariak uko egin ziola indarrean zegoen kontratuari, eta Udalak bi hilabetetarako esleipen txiki bat atera zuela. Aurkeztu egin nintzen, eta joan den ostiralean jaso nuen deia. Egia esan, ondo etorriko zaigu eskua hartzeko", adierazi du Irazolak.
Egunero zabalik
Lehengo ordutegiarekin funtzionatuko du espazioak: astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 13:00etara goizetan eta 16:00etatik 23:15era arratsaldeetan; zapatu eta domeketan, berriz, 08:30etik 21:30era. Kiroldegiko erabiltzaileen ordutegira egokitutako zerbitzua dela aipatu du Irazolak: "Aste barruan instalazioak itxi eta erabiltzaileak irten arte egoten da taberna zabalik, eta ondoren garbiketa-lanak egiten dira. Asteburuan, berriz, kirol ekitaldiak lehentxeago bukatzen dira".
Entrenatzaile-lanekin uztartuko du tabernako jarduna, baina, dioenez, ondo antolatuko du egutegia gertukoekin, "guztion beharrizanak ase ahal izateko.
Auzotarren elkargune
Labegaraietako tabernari berriak argi dauka bizilagunei begirako zerbitzua izaten jarraituko duela, besteak beste, "negura begira, espazio zabala" eskaintzen duelako. Hala, datorren astetik aurrera ogitartekoak eta plater konbinatuak egiten hasiko dira, eta asteburu honetan pintxoak, behintzat, izango dituzte barran.
Gainera, "gauza bereziagoak" egin guran dabiltzala azpimarratu du, baita Elementaleko ikasleentzat ere, atseden-orduetan joaten direnerako.
Izan ere, kiroldegikoa da Labegaraietako hirugarren taberna, "auzotarrentzat erreferentziala, bizitasun handikoa, eta joko handia ematen duena".