Novedadeseko etxebizitzetan 26 garaje-plaza eraikiko direla adierazi du Bergarako EAJk, ohar baten bidez, eta guztiek izango dutela sarbidea Ikerlekutik. "EAJ harrituta dago, oinezkoen aurkako erabaki bat baita. EH Bilduko Gobernua bere erabaki arbitrario eta azalezinengatik herritarrengan tentsioak sortzeaz kalifikatzen dugu". Azaldu dutenez, azkenekoz eginiko hirigintza batzordean beste aukera bat bilatzeko eskaria egin zuten jeltzaleek, baina EH Bilduk ez dio "jaramonik" egin haien proposamenari, "beste aldi batzuetan egin" bezala: "Udal Gobernua ari da planteatzen oinezkoei eragitea hain erabilia eta sentikorra den eremu batean. Jeltzaleen ustez, hori da herritarrei bizkarra emanez gobernatzearen beste adibide bat, eta inolako onura publikorik gabe, beren gehiengo absolutuaz baliatuz, egin eta desegin".
Hala, EAJk alkateari "publikoki" eskatu dio "beste aukera bat baliatzeko, oinezkoei eta ikastolako ikasleei hain modu zorrotzean eragingo ez diena", eta honako hau jakinarazi du: "EAJk etengabe egingo ditu bere proposamenak, nahiz eta gobernu honek, hain parte-hartze txikikoa izanik ere ezetz esan horietako bakoitzari".