Zabalik dago Aroztegi aretoan erakusketak egiteko deialdia

Hasier Larrea 2025eko urriaren 29a

Aroztegi aretoaren 2026rako erabilera eta programazioa arautuko duen baldintza-agiria aurkeztu du Bergarako Udalak. Hala, artistei euren lana erakusteko aukera eman nahi zaie, arte erakusketari eskainitako espazio batean, "komunitatean sormena eta adierazpen artistikoa sustatzeko".

Euren lanak Aroztegi aretoan erakutsi nahi dituzten artistek Bergarako Udal Erregistro Elektronikoaren bidez aurkeztu ditzakete eskabideak, edo, bestela, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako beste bitarteko batzuen bidez. Eskaerak aurkezteko epea 2025eko azaroaren 25ean amaituko da, 13:00etan.

Eskaerak aintzat hartzeko, Udalak prestatutako ereduari jarraituz egin beharko dute eskaera artistek. Gainera, euren ibilbide artistikoa zehazten duen dosier bat, erakutsi nahi dituzten obren argazkiak eta horien behin-behineko zerrenda bat ere jaso beharko dituzte.

Udalak azpimarratu du eskaera aurkezteak ez duela bermatzen erakusketa-eskaintza hori urteko programaziorako onartua izango denik: "Izan ere, jasotako proposamenak ebaluatuko dituen batzorde misto batek egingo du azken hautaketa".

Baldintza-agiriak ezartzen du, halaber, aurreikusitakoez bestelako ekintzak egin behar badira, batzorde mistoak izango duela eskaera horiek ebazteko eskumena, eta Alkatetzak berretsi beharko ditu.

Era berean, 2026ean aretoa ezinbesteko arrazoiengatik itxiko balitz, gauzatu ezin diren programatutako erakusketek lehentasuna izango dute hurrengo urteko programazioan.

Informazio gehiago, sakatu hemen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak