Antzerki inklusiboa bihar, zapatua, Seminarixoan

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2025ko urr. 24a, 19:02

Doke taldekoak Hemen ez du inork ordaintzen antzezlanaren une batean.

Arrasateko Doke Antzerki Taldeak Hemen ez du inork ordaintzen antzezlana egingo du bihar, zapatua, Bergarako aretoan, 20:00etan; ikusmen desgaitasuna duten pertsonek aukera izango dute, 19:00etan, oholtzaren gainean aktoreekin egoteko.

Bergarako Udalak, Retina Gipuzkoa Begisare elkartearen laguntzarekin, ikusmen murriztua edo itsutasuna duten per- tsonentzako antzerkia irisgarriago egiteko proiektu berritzailea abiatu du. "Ekimenaren helburua ikusmen desgaitasuna duten pertsonentzat antzerkiaren esperientzia inklusiboa eta eskuragarria izatea da, arte eszenikoen gozamena guztion eskura jarriz", azaldu du Udalak.

Ikusmen murriztua itsutasunera iritsi aurretik sortzen den egoera da, eta ez da konpontzen ez betaurrekoekin, ezta kirurgiarekin ere. Gipuzkoan 13.000 pertsona inguruk pairatzen dute. "Doke taldean gertutik ezagutzen dugun gaitza da, taldean dugu-eta halako kasu bat. Bergarako Begisare elkartearekin harremanetan jarri ginen eta ekimen hori elkarrekin egitea pentsatu genuen; Udalarekin adostu genuen, eta bihar egingo dugu estreinakoz ezaugarri horretako emanaldi bat", azaldu du Doke Antzerki Taldeko kide Mariasun Pagoagak.

Azalpen osagarriak

Emanaldia hasi baino ordu bete lehenago, 19:00etan, ikusmen desgaitasuna duten pertsonek aukera izango dute eszenatokira igotzeko. "Eszenetako elementuak ukitu ahal izango dituzte, haien kokapena ezagutzeko, eta aktoreekin harreman zuzena izateko ere bai; hau da, janzkera, ahotsa eta ezaugarri nagusiak identifikatzeko. Halaber, ikusmenik gabe ulertzeko zailak diren pasarteak aurrez azalduko zaizkie, eta gidoian aldaketa deskriptiboak egingo dira, informazioa modu ulergarrian transmititzeko. Egokitzapen gehiago egiteko prest gaude, beharren eta iradokizunen arabera", gaineratu dute antolatzaileek.

Doke, estreinakoz Bergaran

Iazko ekainean estreinatu zuten  Hemen ez du inork ordaintzen  lana; Arrasateko Amaia antzokian egin zuten estreinaldia eta harrezkero Debagoieneko herri askotan izan dira –Aretxabaletan, Eskoriatzan eta Oñatin–, eta bihar Bergaran izango dira estreinakoz. "Eskualdeko herri askotan izan dugu gure antzezlan guztiak egiteko aukera, baina Bergaran lehenengo aldiz izango gara, bihar, eta pozik gaude", dio Pagoagak.

Dario Foren obra du ardatz lanak: "Bi etxekoandrek hilabetearen amaierara iristeko dituzten arazoak kontatzen ditugu. Era komikoan idatzitakoa da, eta, nahiz eta 70eko hamarkadan idatzia izan, gaurkotasun osoz kritika sozial sakona egiten du".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak