Bergarako EAJ: "Bergara Debagoienaren azken ilaran geratzen ari da"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2025ko urr. 22a, 13:08

Bergarako udal taldea osatzen duten zinegotziak. Argazkia: Bergarako EAJ.

Bergarako EAJk agintaldi erdiaren balorazioa egin du prentsa ohar bidez, eta EH Bilduren kudeaketa salatu du. Besteak beste, "kutsu autoritarioa" hartzen ari dela eta Bergara "Debagoienaren azken ilaran" geratzen ari dela diote jeltzaleek: "Ekintza eza, proiektu garrantzitsuak aurrera eramateko gaitasunik eza eta zerbitzu publikoaren anbizio falta izan dira gobernu honen joera nagusiak", dio EAJko eledun Mikel Letek. 

2023-2025 agintaldia erdira heldu dela baliatuta, EAJren udal taldeak EH Bilduren Udal Gobernuaren kudeaketaren balantzea egin du. "Kezka handia dugu udal-arlo guztietan, baina batez ere adinekoak eta pertsona zaurgarrien zaintzan, etxebizitzari edo kultura eta kirol zerbitzuei dagokienez. EAJren ustez ere larria da herritarren parte-hartzearekin gertatzen ari dena; kontrako iritziak entzuten dituztenean, parte-hartzea amaitzen da eta euren ingurukoekin hartzen dituzte erabakiak. Jai batzordean eta Arrizuriagaren kasuan gertatu da, besteak beste". Jarrera horiek ikusita, jeltzaleek gobernu taldearen "kutsu autoritarioa" salatu dute.

Etxez etxeko zerbitzua eta Arin zentroa

Etxez etxeko zaintza zerbitzua eta eguneko Arin zentroari dagokienez, EAJk gogor kritikatu du bi urteko gobernuaren ostean, hobekuntzarik gabe atera izana etxez etxeko zerbitzuaren esleipena. "Zerbitzu hori hobetzeko hainbat proposamen egin ditugu, baina EH Bilduk nahiago izan du ezer ez egitea eta dagoenetan uztea, utzikeriagatik eta kudeatzeko ezintasunagatik", adierazi dute. Jeltzaleek alor honetan egindako proposamenen artean daude, besteak beste, gaueko zerbitzua, etxez etxeko zerbitzuan otordu-zerbitzua eta Arin eguneko zentroko zerbitzuak egun osora zabaltzea.

Etxebizitzaren arazoa

Bergarako "arazo nagusietako bat" etxebizitza eskuragarrien falta dela gogorarazi ondoren, "batez ere gazteentzat", EAJk etxebizitza-eredu publiko bat bultzatzeko beharra azpimarratu du: "Une honetan, Bergaran sustapen pribatuko etxebizitzak eraikitzen ari dira, baina sustapen publikokoak ere behar dira, ez bakarrik erdigunean, baita auzoetan ere; eta udalek jarri behar dituzte Eusko Jaurlaritzaren esku arazoari aurre egiteko lurrak. EH Bildu Euskadiko foro guztietan gai honi buruzko salaketak egiten ari da, baina badirudi arazoa Bergaran ez dagoela edota ez dela euren ardura". 

Gainera, diote Ipintzako aldagela berriak eta harmailak konpondu gabe jarraitzen dutela. "Hirugarren aurrekontuaren atarian, instalazio horiek egiten edo amaitzen egon beharko lirateke, baina, egia esan, oraindik ez dugu inolako hornidurarik udal-kontuetan obra hori egiteko; harmaila eta aldagela berriak, bilera-gelak, gimnasioa...". 

Gardentasun politikoa, "zalantzan"

EAJk salatu du, era berean, EH Bilduk gobernatzen duela "beretarrei mesedezko tratuak emanez": "Elikaenea proiektuaren esleipenarekin eta azokaren dinamizazioarekin  Ereindajani, beste enpresa batek aurkezteko aukerarik izan gabe –400.000 eurotan–. Horrelako ekintzek zalantzan jartzen dute gardentasun politikoa eta konkurrentzia publikoa". 

Horrez gain, jolas-parkeak zaharkituta eta abandonatuta daudela kritikatu dute jeltzaleek: "Jolas-parke bat estaltzeko proiektua kaxoian sartu dute, ordaindu ostean. Martokoaren eraberritzeak, Simon Arrieta plazaren konponbideak, Bergarako mugikortasun planak edo aparkaleku arazoak ere egiteke jarraitzen dute".

Azken gogoeta bezala, Arrizuriaga aipatu dute: "Gauzak nola ez diren egin behar erakusten duten adibideak daude, esaterako, Arrizuriaga eraikina. Eraikinak zer proiektu har ditzakeen jakin gabe egin dira obrak, eta ez die inolako irtenbiderik emango Bergaran dauden kultur taldeen beharrei, batez ere musikalei". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak