Udaleko ordezkariek adierazi dutenez, aplikazioa herritarren eguneroko beharretara egokituta dago, eta informazioa "modu azkar, zuzen eta irisgarrian" jasotzeko aukera ematen du: "Gaur egun mugikorra da informazioa jasotzeko tresna nagusietako bat, eta Bergara App bidez, Udalak bere jardueren berri emateaz gain, herritarrek ere euren iritziak, eskaerak eta proposamenak helarazi ahal izango dituzte", azaldu du Udaleko zinegotzi Aitor Aranzabalek.
Aplikazio berrian, albisteak, udal agenda, garraio ordutegiak, farmazien txandak, multimedia eta Agorrosin kirolguneko edukiak eskura izango dituzte. "Horrez gain, Idatzi Udalari izeneko atalaren bidez, herritarrek kaleko arazoak jakinarazi, iradokizunak egin edo kexak aurkeztu ahal izango dituzte modu erraz eta zuzenean. Gainera, aplikazioak aukera ematen du herritarren interesekoak diren abisuak mugikorrera bidaltzeko alerta bitartez, esaterako kale bat ixten denean, ekitaldi bat lekuz aldatu edo bertan behera geratzen denean...".
Bergarako elkarteek eta eragileek ere izango dute lekua aplikazioan, herritarrek hauen berri izan dezaten. Bestalde, Tramiteak izeneko atalean, Udalarekin lotutako tramiteak online egiteko aukera eskainiko da, mugikorretik bertatik.
Aplikazioa garatzeko prozesuan, ACV Multimedia enpresaren laguntza izan du Bergarako Udalak. Enpresako ordezkariek nabarmendu dute aplikazioa herritar guztientzat pentsatuta dagoela, eta udal webgunean dagoen informazioa modu sinple eta erabilgarrian eskaintzen duela.