Ekuatore Ginean jaio eta Madrilen bizi den aktorea, idazlea eta aktibista da Asaari Bibang. Oso kritikoa da pertsona beltzei eta afrikarren ondorengoei ematen zaizkien rolei eta jartzen zaizkien oztopoei buruz, eta bide horretatik jarduten du egiten dituen ikuskizunetan.
Ikuskizun afrofeminista
2021ean estreinatu zuen bakarrizketa-saioa da bihar, zapatua, 19:00etan Bergarako Seminarixoa aretoan egingo duen Humor negra. Sarrera dohainik da, edukiera bete arte. "Arrazakeriaren aurkako bakarrizketa afrofeminista horretan, umorearen bidez, Asaari Bibang gai da emakume, beltz eta migratzaile izatearen arrazoiez argi eta garbi hitz egiteko. Ikuskizunak irauten duen 90 minutuetan, ikuslea topikoen, aurreiritzien eta estereotipoen ispiluaren aurrean jartzera behartzen duen ibilbidea egiten du, eta, aldi berean, deseraikitze-bidaian laguntzera gonbidatzen du", azaldu dute antolatzaileek.
Salmenta-postu solidarioa
Senegalgo arropak erosteko salmenta-postu solidarioa jarriko dute Seminarixoan, eta bertan laguntzen egongo dira Gaztedank programa berrian parte hartzen diharduten 2009an jaiotako herriko 12 gazteak.