Domeka honetan egingo dute San Silvestre Trail lasterketarako lehen prestakuntza saioa. Palmondoaren biribilgunean elkartuko dira, 09:00etan, eta, aurtengo saioek iazkoen "dinamika bera" izango dutela azaldu du Maria Sanchezek (Bergara, 1992), prestakuntza saioetako gidariak. Abenduaren 31n Bergaran egiten den San Silvestre Trail lasterketan parte hartzeko prestaketa saioak badira ere, abenduaren 31ko lasterketa "aitzakia bat" dela dio Sanchezek: "Saio horien helburua emakumeek lasterketetan parte hartzeko lotsak alboratzea da. Iaz egin genuen moduan, erritmo eta maila askotariko emakumeak ekarri nahi ditugu gurera. Beraz, berdin jarraituko dugu, eta denok elkarrekin hasi eta amaituko ditugu saioak; nork bere erritmora, alegia".
Behar batetik sortua
Hankaluze Trail Mendi Lasterketa taldeko korrikalaria da Sanchez. Korrikalari bergararrak hamar urte baino gehiago daramatza mendi lasterketetan parte hartzen. Gizonezkoez inguratuta hasi zuen ibilbidea, eta emakumeak trail munduan ikustarazteko eta, lasterketetan parte hartzera animatzeko" beharra zegoela ikusita, gidari bezala emakumeei zuzendutako prestakuntza saio batzuk antolatu zituen, Bergarako Udalaren laguntzarekin. Emakumeentzako korrika saioak egiten hasi zen iaz.
Maila eta erritmo askotariko emakumeentzat zuzendutako saioak ziren, emakumeak lasterketan parte hartzera animatzeko helburuarekin. "Itxaropen handirik gabe", Sanchezek saioetako gidaritza hartu zuen, eta, prestakuntza saioek iaz izan zuten arrakastari esker, saioetako gidaritza "gogo handiz" hartu du korrikalari bergararrak, bigarren urtez: "Jendeak galdetzen zidan ea noiz hasiko ginen. Gogotsu nago saioetara bueltatzeko".
Martxan da aurten ere
Joan den urtean ekimenak izan zuen arrakasta ikusita, aurten ere Bergarako Udalak martxan jarri du iniziatiba. "Bost edo sei saio egingo ditugu guztira, hilean bi saiotan banatuko direnak", azaldu du Sanchezek. Aurtengo saioei begira, "emakume gehiago" lasterketaren bat egitera animatzea izango da bergararraren helburua. "Gustatuko litzaidake elkartzen diren lagun guztiek lasterketaren batean parte hartzea. Hamabi kilometroko lasterketaren batean, edo edozeinetan. Horietako batzuk buruan dauzkat, partaideei proposatzeko, eta lotsak alboratuz jendea lasterketen munduan sartzen hasteko. Joan den urtean lortu genuen partaide batzuek euren kabuz lasterketan parte hartzea. Neure buruari jartzen diodan helburua da lasterketetan parte hartzeko emakume askok izan dezaketen lotsari eta beldurrari aurre egiten laguntzea".
San Silvestre dute aitzakia
San Silvestre Trail lasterketan parte hartzeko saioak izan diren arren, iaz lasterketaren ondoren saioak egiten jarraitu zuen Sanchezek. Aurten ere, ekimena "bide onean" baldin badoa, prestakuntza saioak egiten jarraitzea posible izango dela dio Sanchezek: "San Silvestre Trail lasterketaren ondoren saioak egiten jarraitu genuen, udara arte. Irteera luzeak egin genituen, eta jendearen erantzuna bikaina izan zen. Aurten, gogotsu baldin banago eta saioetako dinamika iaz bezalakoa baldin bada, San Silvestre Trail lasterketaren ostean saioekin jarraituko dugu. Gainera, nire kabuz ekimen honekin jarraitzea oso interesgarria da; erronka polita izan daiteke niretzat".