Gurutze Gorriaren 'Eskola-Arrakasta' proiektua ezagutzeko hitzaldia, eguenean

Koldo Zubia Salas 2025ko urr. 13a, 17:22

Proiektu horren baitan, boluntario lana egiteko aukerak ezagutu nahi dituztenei zuzendutako informazio hitzaldia antolatu dute. Urriaren 16an, eguena, izango da, 18:00etan, Bergarako Jubilatuen Etxean.

Eskola-Arrakasta izeneko proiektuaren inguruan jardungo dute egueneko informazio hitzaldian. Proiektuaren helburua da 8 eta 12 urte bitarteko zaurgarritasun egoeran dauden haurrei, hezkuntza ikaskuntzan eta garapen pertsonalean laguntzea, hain zuzen.

Hitzaldiari dagokionez, Debagoieneko Gurutze Gorriaren proiektuaren koordinatzailea den Elena Ibarrondok, aipatutako proiektua aurkeztuko du, eta ondoren, eskualdean garatzen dituzten boluntariotza programen deskribapen laburra egingo dute.

Boluntariotza "sareak indartzeko"

Ibarrondok aurreratu duenez, "Debagoieneko Gurutze Gorritik eta 12 urte bitarteko haurren kolektibo gero eta handiago bat detektatu dugu, bere prestakuntzan aurrera egiteko zailtasun handiak dituena". Haur batzuek "familia-baliabideen gabezia, hizkuntza-gabeziak edo gizarte-ingurune batzuen konplexutasuna" dutela eta horiek "bere hezkuntza-prozesuan eta etorkizunerako aukeretan eragin zuzena duten faktoreak" direla dio Ibarrondok.

Boluntariotza lanaren bidez, "auzo laguntzako lankidetza eta elkartasun sareak indartzea" da Gurutze Gorriaren asmoa: "Gazteen aukera berdintasun handiagoa lortzeko laguntza eta inklusio motor gisa".

Proiektu honi edo bestelako programei buruzko informazioa jasotzeko, 943 76 55 76 telefonora deituta edo altodeba@cruzroja.es helbidera idatzita  egin daiteke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak