Paella bazkaldu dute gaur Oxirondon. Azokako kanpoko aldean ipini dituzte mahaiak eta 60 bat lagun elkartu dira Anne Otegik eta Oxirondoko lagun taldeak prestatutakoaz gozatzeko. "Paella ona", esan du hainbatek.
Anne Otegik ez du zalantzarik: "Oxirondon jenero ona daukagula", esan du. Aitortu du urduri xamar ibili dela goizean, baina laguntzailerik ez dela falta izan eta dena ondo atera dela. "Oxirondo familiako 30 bat lagun elkartu gara goizean paella prestatzeko. Bi prestatu ditugu: batek oilaskoa zuen eta besteak babarrun zuriak".
Komunitatea indartu
Komunitatea indartzea da gaurko Verdury Hall festaren helburuetako bat. Oxirondoko ekoizleak, langileak eta erosleak elkartu dira bazkaltzeko eta sarea handitzen joatea nahiko lukete. "Lan asko egin da; bai urtebete honetan bai Elikaenea proiektua ireki aurretik ere. Oxirondoko familia osatzen joan gara eta ospakizunak beti dira alaiak. Euskaldunok, gainera, beti bukatzen dugu mahaiaren bueltan eta ospatzen, bestela zertarako?" esan du Otegik.
Oso antzerako balorazioa egin du Ereindajan-eko kide Ainhoa Narbaizak. "Jendea animatu da eta oso pozik gaude. Azokaren bueltako jende mordo baten artean egin dugu paella eta jateko dagoen guztia bertako ekoizleek eta dendariek ekarritakoa da".
Azoka biziberritzeko urtebeteko ibilbidea egin du Elikaenea proiektuak eta asko dira martxan jarri diren ekimenak eta zerbitzuak. "Herria eta komunitatea egitea garrantzitsua da. Urtebete egin du Elikaeneak. Horrelako herri proiektu bat martxan jartzeak lana dauka eta perspektibarekin hartu behar dugu. Akaso goiz da balorazio bat egiteko, baina oso oso pozik gaude bai martxan jarritako danarekin bai herritarren erantzunarekin", esan du.
Pettiren kontzertua
Bazkariaren ostean kontzertua izango da Oxirondon. Petti-k egingo du emanaldia 18:00etan hasita. Kontzertu irekia da.