Verdury Hall festa egingo dute Oxirondo azokan hilaren 11n

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko urr. 7a, 11:51

Harria taldearen zuzenekoa, Elikaenearen irekiera festan.

Bazkari herrikoia eta Pettiren kontzertua izango dira zapatuan, azoka herritarrentzat topaleku izan dadin; tiketak 10 eurotan daude salgai, Elikaenean. 

San Martin plazan zegoen kokatuta duela hamarkada batzuk Bergarako azoka, eta han egiten ziren jaialdi eta dantzaldiak Verdury Hall izenarekin egin ziren ezagun, Elikaeneako kideek adierazi dutenez. Haien hitzetan, azoka herritarrentzat topaleku izan zen orduko hartan, eta hala izatea nahi dute gaur egun ere; bada, horregatik egingo dute izen bera duen festa, hilaren 11n, Oxirondo azokan.

Bazkari herrikoia izango da lehendabizi, 14:30ean, azokaren kanpoaldean, Oxirondoko baserritar eta merkatarien produktuekin egina; Elikaeneak paella prestatuko du bazkaltzeko, eta "umore ona eta jan-edana" ez dira faltako. 10 euroren truke eskura daitezke bazkaltzeko tiketak, eta Pettiren kontzertuaz gozatzeko aukera izango da ondoren, 18:00etan.

Datozen ekintzak

Eguaztenero, baserritarren azokarekin batera, sasoiko barazki batekin eginiko pintxoak banatzen dira Oxirondon, eta, tarteka, ekintza bereziak antolatzen dituzte; esate baterako, urriaren 15ean sagar-dastaketa izango da, Lizasagarraren eskutik, eta 29an, berriz, Xanguli manguli, eman gaztainak guri izenpean, gaztaina erreak banatuko dira.

Horrez gain, Elikaeneako kideek azaldu dute Bizi Baratzea eta Argiako argitalpenen salmenta-gunea berritzen dabiltzala, eta hainbat nobedade izango dituztela udazkenean: Bizi Baratzearen udazkeneko alea, 2026ko egutegia eta agenda, eta Onintza Enbeitaren Bizitza baten txatalak liburua. Are gehiago, gogorarazi dute Aleka hazi ekologikoak ere eskuragarri daudela. 

Lurraman izango dira

Lurrama, laborantza herrikoi eta iraunkorraren azoka, azaroaren 7tik 9ra egingo da Biarritzen, eta han izango dira Elikaeneako kideak, Biziola eta Elikagunea proiektuetako kideekin batera erakusmahaia jarriko baitute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak