Emakumezkoen senior mailako taldeak hasieratik izan zuen kontrolpean norgehiagoka. Hasiera-hasieratik tartea ireki zuten markagailuan, batez ere defentsako lan bikainari esker; 15. minutuan 8-2ko emaitza zen markagailuan. Erasoan ezinean zebiltzala ikusirik, arriskatu eta atezain gabe eta zelaiko zazpi jokalarirekin jokatzen hasi ziren erasoan, eta nahiz eta gol aukerak baliatzen hasi ziren, aldi berean, galdutako baloiek bergararrei gol aukera errazak eman zizkien. Gauzak horrela, markagailuko distantzia ez zen txikitzen joan; atsedenaldian, 15-9. Bigarren zatian, kanpoko taldeak amore eman zuen eta markagailuan bergararren abantaila handitu besterik ez zen egin; amaieran, 31-17. Jokatutako bi partiduak irabazita sailkapeneko lehen postuan daude bergararrak, Pulpo taldearekin batera, 4 punturekin.
Gizonezkoen lehia, estuagoa
Gizonezkoen senior mailako taldearen garaipena sufrituagoa izan zen. Lehen zatia oso berdindua izan zen, 13na joan ziren atsedenaldira. Bergararrak gol bateko abantailarekin lehen zatiko azken erasoa egiteko aukera izan zuten, eta atsedenaldira bi goleko abantailarekin joatekoa, baina eraso oso txar baten ostean baloia oparitu eta Pulpok markagailuan berdinduta joatea lortu zuen atsedenaldira. Bigarren zatian, aldiz, gauzak aldatu egin ziren; batez ere, bergararren defentsaren eta Aimar Arkotxa atezainaren lan bikainari esker. Kanpoko taldeak golak ezin sartu aritu zen, eta poliki poliki, bergararrak markagailuan abantaila lortzen joan ziren. 5 minuturen faltan 5 goleko abantailarekin partidu amaiera lasai bat izatea lortu zuten, kanpoko taldeak bigarren zati osoan soilik 5 gol egin zituen-eta.
Gainerako emaitzak, honako hauek:
- Gazte mailako emakumezkoak: Deuco Izarra Elgoibar 21 - 18 Goizper BKE
- Kadete mailako emakumezkoak: Urnieta Iñaki Mecanizados 16 - 22 Ecenarro BKE