Asteburu "bikaina" Bergarako saskibaloi sailarentzat

Jokin Bereziartua Lizarazu 2025ko urr. 6a, 11:17

Senior mailako taldea, artxiboko argazki batean. Argazkia: Bergara saskibaloia.

Bergarako saskibaloi saila pozik dago asteburu honetan lortutako emaitzekin. Klubean dauden talde guztiak lehiaketan murgilduta daude dagoeneko, eta emaitzak oso positiboak izan dira, bereziki senior mailako taldeentzat. 

Senior emakumezkoen taldeak, Lehenengo Probintzialean lehiatzen dena, bigarren garaipena lortu du hiru jardunalditan . Lehen etxeko partiduan, Añorgaren aurka 51-45 nagusitu ziren bergararrak: "Aurkariek ez zuen porrotik izan orain arte, baina etxekoek lasaitasuna mantendu zuten une erabakigarrietan eta defentsa sendoari esker garaipena lortu zuten".

Senior gizonezkoen taldeak, Bigarren Maila Nazionalean ari denak, EASO Andatzaren aurka (67-59) lortu zuen denboraldiko lehen garaipena. "Ez zen partida erraza izan, ezta puntu askokoa ere, baina denboraldi hasierako urduritasunak gainditu eta taldeak lan sendoa egin zuen atzean. Defentsako lana eta taldearen ahalegina funtsezkoak izan ziren garaipena eskuratzeko, denboraldiko helburuei begira oso garrantzitsua dena".

Asteburua, gainera, harrobiko taldeentzat ere "oso ona" izan da. "Infantil mailan, nesketan zein mutiletan, taldeek ere garaipen garrantzitsuak lortu zituzten euren lehen partiduetan, ilusioz eta lan onaz beteriko hasiera izanik. Bestalde, kadete mutilen taldeak ere garaipen estua eskuratu zuen, bi puntuko aldearekin, norgehiagoka oso parekatua izan ondoren. Klubak balorazio oso positiboa egin du asteburuko jardunaldiaz, eta pozik dago bere taldeen hasiera bikainarekin denboraldi berrian". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak