Azken asteotan, hainbat salaketa publiko egin dira udalekuetako jarduteko moduez, batez ere, dutxa mistoak aipatuz, "haur eta gazteak elkarrekin biluztera behartzen" dituztela esanez eta "zaintzen ez" dituztela edota "inkomunikatuta edukitzen" dituztela leporatuz. Horien aurrean, hitza hartu dute proiektuaren parte diren hezitzaileek, eta gaitzespena adierazi: "Komunikazio-bide pribatu zein publikoetatik hezitzaileon aurkako mezuak, erasoak eta difamazioa helburu duten diskurtsoak jaso ditugu; eta egin den zabalpen mediatikoan sentsazionalismoa eta morboa sustatu dira. Gure gaitzespena adierazi nahi dugu halakoen aurrean". Dena den, "jasotako mezu positiboak eta babes keinuak gehiago izan" direla gaineratu dute, eta "eskerrak eman" dizkiete "ondoan izan dituzten haur, gazte eta ingurukoei".
Azaldu dutenez, "uneoro egon" dira "gurasoekin harremanetan", eta "beti eman" dizkiete "erantzun indibidualizatuak haien behar eta kezkei", baina "sortu den egoera arduraz bizi" dutela erantsi dute eta "ulertzen" dutela "familiengan zein proiektua ezagutzen dutenengan sortu ahal izan den ezinegona".
Eurena "feminismoa, euskara eta auzolana oinarri dituen proiektu autogestionatua" dela nabarmendu dute: "50 urteko ibilbidea dugu, eta milaka izan dira urte hauetan proiektutik igaro diren haur, gazte eta ez hain gazteak. Aurtengo udan ehunka pertsona elkartu gara udalekuen bueltan, aisialdi parte-hartzailea ere hezkuntza eraldatzailerako esparru garrantzitsua dela sinesten dugulako. Gurea etengabe moldatzen den proiektu bizi bat izaki, ongi etorria da ekarpen oro, baita kezkak eta zalantzak ere".
Mugimendu feministaren salaketa
Bestalde, Euskal Herriko mugimendu feministaren, antirrazistaren eta LGTBI mugimenduaren parte diren 70 taldek baino gehiagok ohar bateratua plazaratu dute. "Euskal Udalekuen eta begiraleen kontrako lintxamendu kanpaina" salatu dute; eta "udalekuak mundu ikuskera transfobo eta erreakzionarioa zabaltzeko aitzakia soila besterik ez" direla izan, gehitu.
Sinatzaileen artean badaude Debagoienekoak ere: Antzuolako Andramanuelak talde feminista, Oñatiko Bargastak, Aretxabaletako Lohixak, Bergarako Martxanterak talde feminista, Arrasateko Morbor, Oñatiko talde desbiaua edota Pikarraituz Atxabaltako Gazte Feministak.