Goizeko hamarretan hasi da Aranzadi Ikastolak, Pol-Pol Mendi Elkartearekin eta Hankaluze Trailekin elkarlean, antolatutako Bergarako I. Orientazio Proba eta adin guztietako 370 parte-hartzaileek taldeetan banatuta eta mapa bati jarraituz, herrian zehar kokatutako balizak aurkitu behar izan dituzte. Kategoriaren arabera, ibilbidea eta zailtasuna ere ezberdina zen, eta balizak ere leku batean edo beste batean zeuden. Mapa jaso bezain pronto, erabaki behar izan dute taldean, ze ibilbide jarraitu eta "estrategia" finkatuta, denbora tarte batean, ahalik eta baliza gehien aurkitu behar izan dituzte.
Helduen kategorian, Oihana Iñurrategi eta Iñaki Manuelek osatutako Galdutakoak taldea izan da nagusi. Ez zuten espero lehen postua eskuratzerik, baina gustura agertu dira: "Sekula ez dugu horrelako proba batean parte hartu. Gustatzen zaigu korrika egitea, baina orientazio probarik ez dugu egin. Oso esperientzia polita izan da". Mapa jaso bezain laster aukeratu dute ze ibilbide egin: ibilbide zirkularra egitea. Aitortu dute, balizaren bat aurkitzea kostatu zaiela, eta besteren bat atzean utzi dutela, baina azkenean, garaipena eurendako izan da.
Nerabeen kategorian Frutitak izan da garaile. Hango kideak dira Enara Abiaga eta Irati Inza, eta ez zuten espero irabazleak izaterik. Hauek erabaki dute urrunen zeuden balizak hartzea "puntu gehiago lortzeko". Azkenean baliza guztiak aurkitu dituzte hauek ere. Irabazteko gakoez galdetuta diote, garrantzitsua dela taldekideekin ez haserretzea eta ondo konpontzea: "Bizkortasuna, beno. Guk akats bat egin dugu. Oso azkar hasi gara, eta orduan, azkar nekatu gara. Zati batzuk korrika egin ditugu, eta beste batzuk oinez. Energia ondo banatu dugu".
Haurretan, berriz, Aupa Gu taldeak irabazi du. Arkaitz Arnaez, Ibai Bengoa, Marko Bengoa eta Maite Bengoak osatutako taldea gustura agertu da garaipenarekin. Adierazi dute estrategia izan dela mapa jaso eta minutuan erabakitzea nondik hasi: "Ematen du ondo funtzionatu duela, taldeko lana ondo joan da. Korrika asko egin dugu. Hori izan da gakoa".
Antolatzaileak gustura
Proba bukatu berritan antolakuntzak ekimenaren balorazio positiboa egin du. "Oso balorazio posiboa egiten dugu. Eguraldi ona egin dgu, eta jendea pozik ikusten da. Dena ondo atera da, eta jendea irribartsu zegoen", dio antolakuntza taldeko Neritzel Albisuak.
Antolatzeko prozesuaz galdetuta, herritar askok lan egin duela dio, bai gaur, baita aurreko egunetan ere. Azaldu du, adin guztietako herritarrei zuzendutako ekintza bat nahi zutela antolatu eta lortu dutela: "Ideia batetik etorri zen, eta zerbait ezberdinagoa eta inklusiboagoa egitea pentsatu genuen. Hortik atera zen jarduera fisikoa oinarri zuen proba bat egitea euskara bultzatzeko eta jende guztiak parte hartzeko. Batzuetan, bakarrik parte hartzea kostatu egiten da, eta horregatik, asmoa izan da taldean parte hartzea. Uste dut jende gehiago animatu dela horrela. Hutsune bat ere badago nerabeetan. Askotan egiten dira heldu eta umeendako gauzak, eta saiatu gara haiendako ere zerbait egten.
Sailkapena
Honakoa taldeek osatu dute podiuma kategoria bakoitzean:
Helduak
- Galdutakoak - 01:17:00
- Harri hori - 01:19:00
- Asier Goikoetxea - 01:27:00
Nerabeak
- Frutitak - 00:47:00
- Txirutxiru - 00:54:00
- Takeshi - 00:57:00
Haurrak
- Aupa gu - 00:35:00
- Loiolatarrak - 00:37:00
- Otsokumeak - 00:38:00