Okinaren ibilbideari omenaldia, herritarren etxeetan eskegitako koadroekin

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025eko urriaren 4a

Atzo inauguratu zuten Miguel Okinaren erakusketa antologikoa Aroztegi aretoan. Toki eta etxe askotan bildutako oliozko margolanekin osatu dute ikusgai dagoen bilduma, eta erretratuak, bodegoiak eta paisaiak daude ikusgai urriaren 26ra arte.

Dozenaka bergarar bildu zen atzo arratsaldeko zazpietan Aroztegi aretoan izan zen erakusketaren inaugurazioan. Miguel Angel Elkoroberezibarrek hartu zuen lehendabizi hitza, eta urteurrena dela eta egindako ekintzen berri eman zuen, besteak beste. Azpimarratu zuen Okinak Barrenkalean jaiotakoa zela eta orain, haren lanak, jende askoren etxean daudenak, kale berean daudela ikusgai.

Bergarako kultura zinegotzi Maite Usabiagak nabarmendu zuen Okinaren margolanak "gure herriaren ondare" direla, eta erakusketak ahalbidetzen duela Okina izandako artista omentzea eta pertsona eta haren obra bizirik mantentzea.

Obrak biltzeko lanetan aritu da Xabier Agirre, eta hark adierazi zuen erakusketaren konposizioa prestatzerako orduan, erabili dituztela lehendabizi erretratuak. Zioenez, hor ikusten da Okinaren ibilbidean zehar izan zuen bilakaera, eta ostean, jarri dituztela bodegoiak eta paisaiak.

Erakusketaren ordutegia

Atzo zabaldutako erakusketa urriaren 26ra arte egongo da zabalik honako ordutegian:

  • Martitzenetik egubakoitzera: 18:00-20:30.
  • Zapatutan: 12:00-14:00 eta 18:00-20:30.
  • Domeka eta jaiegunetan: 12:00-14:00.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak