Bergarako Pilota Saila ere martxan, pilotan egiteko aukera ematea buruan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2025ko urr. 3a, 10:13

Gazte mailako Haritz Etxabe, sakerako prest, iazko Herri Arteko Txapelketan.

Denboraldi berriari gogotsu ekin dio BKEko pilota sailak. Irailean infantil, kadete, gazte eta senior mailetakoekin hasi ziren lanean; gaur (19:15) eta domekan (17:30) Gipuzkoako binakako txapelketa partiduak izango dituzte, udal pilotalekuan, kadeteen eta nagusien mailetan, hurrenez hurren. Emaitzez gain, neska-mutikoei pilotan jokatzeko aukera ematea eta frontoian ikuskizuna eskaintzea nahi dute. 

Benjaminekin eta alebinekin, berriz, asteon hasi dira lanean. "Orain arte nahiko lasai ibili gara, baina benjaminekin eta alebinekin saltsa gehiago dugu frontoian", dio Julen Aranburu arduradunak.

Pilotan egiteko aukera eskaini

Benjaminetatik hasi eta senior mailara arteko taldeak izango dituzte. Lehen eta bigarren urteko benjaminak, lehen eta bigarren urteko alebinak, infantilak, kadeteak, gazte mailakoak eta nagusiak. Izen-emateekin dabiltza oraindik ere, baina kalkulatzen dute 90 bat neska-mutikorekin arituko direla. Kopuruak gora egin du apur bat: "Ea goranzko joera mantentzen dugun. Pilotan egin nahi duten neska-mutikoei horretarako aukera eskaintzea da gure lehen helburua".

Badute behar besteko sarea

Zuzendaritza Iker Muruamendiarazek, Aitor Muruamendiarazek, Beñat Iñarrak, Eloy Crespok, Gorka Irizarrek eta Julen Aranburuk osatzen dute: "Uste dugu pilotaren bueltan dabiltzan jokalariak, senideak eta zaleak gustura daudela egiten ari garen lanarekin, nahiz eta beti dagoen zer hobetu. Lan asko eskatzen du halako elkarte batek; oraingoz, begirale aldetik badugu behar besteko sarea, eta espero dugu garai estuagoetan ere laguntzaile berriak izatea".

Izen-ematea itxi barik izan arren, 90 bat neska-mutiko izatea espero dute; iaz baino gehiago

Multzo zaila Gipuzkoakoan

Kirol helburuei erreparatuz, lehen erronka da Zugastik eta Oterminek maila mantentzea Gipuzkoako txapelketako nagusien lehen mailan: "Ez da batere erraza izango; multzo zaila tokatu zaigu".

Horrez gain, Herri Arteko Txapelketarako taldea osatu eta lehen kanporaketa gainditzea izango da helburua, eta Debarroko txapelketan ere finaletatik gertu ibili nahiko lukete. Gainera, badira eurek antolatzen dituzten txapelketak, izan Soraluce lau eta erdikoa, izan Reyes Azkoitia Saria edo izan Bergara Hiria: "Txapelketa horietan, emaitzez harago, ahalik eta maila politena izan nahiko genuke, eta udal pilotalekura datozen zaleek partidu lehiatuez gozatu dezatela".

Izan ere, Bergara herri pilotazalea dela dio Aranburuk: "Zaletasuna bada oraindik ere, asko dira frontoira joaten diren neska-mutikoak. Partiduetan ere giro polita izaten dugu, normalean".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak