Agurne Gaubeka: "Eremu digitalean egoera bidegabea bizi du euskarak"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2025ko urr. 6a, 08:32

Agurne Gaubeka bermeotarra, lanpostuan.

Hizkuntza eskubideak defendatzea helburu duen Euskararen Telefonoa martxan jarri du Udalak, Hizkuntza Eskubideen Behatokikoarekin lankidetza-hitzarmena sinatuta. Urriaren 9an aurkeztuko dute, Irizar jauregian (18:00); bertan egongo da 2009ko uztaila ezkero Behatokiko zuzendari den Agurne Gaubeka (Bermeo, 1984): "Hizkuntza eskubideen aitortza kinka larrian dago; euskal hiztunei bigarren mailako izaera ematen zaie". 

Euskara Saileko zerbitzuburu Ane Albisurekin batera hitzaldia egingo du Agurne Gaubekak urriaren 9an, Irizarren (18:00); Euskararen Telefonoa aurkeztuko dute, besteak beste. 

Zergatik eta zertarako sinatu duzue lankidetza-hitzarmena Udalarekin?

Guretzat garrantzitsua da herri mailan hizkuntza eskubideen gaia lantzea eta herritarren artean gure zerbitzuak ezagutaraztea. Era berean, herritarrei gertukoen zaien administrazioak hizkuntza eskubideen gaia berariaz lantzeak gertutasuna eta garrantzia ematen dio gaiari. Aldaketak eragin nahi baditugu eta euskaraz bizi ahal izatea sustatu, beharrezkoa da herritarrek euren eskubideekiko kontzientzia hartzea; eta administrazioek, duten arduretatik eta betebeharretatik, aldaketak eragiteko tresnak eta babesa eskaini behar diete herritarrei.

Zer aurkeztuko duzue urriaren 9an Irizar jauregian?

Hizkuntza eskubideen kontzeptua gisa eskubideen parametroetatik azaldu eta Euskal Herriko hainbat lurraldetan dugun egoera landuko dugu. Euskararen egoeraz eta etorkizunaz jardungo dugu, baina baita herritar eta hiztun komunitate bezala zor zaigun aitortzaz ere. Bergarako aurkezpena gertukoa izatea nahi dugu, herritarra identifikatua eta interpelatua sentitzea, eta baita Behatokia babes eta laguntzarako eragile sentitzea ere.

Euskararen Telefonoa martxan jarri berri du Udalak; zer da?

Behatokiaren doako zerbitzua da, hizkuntza eskubideen urraketei konponbidea emateko tresna; euskaraz bizi nahi duen edonork jo dezake gurera. 948 14 61 72 telefono-zenbakian herritarrek gurekin harreman zuzena izan dezakete, baina, www.euskararentelefonoa.eus  webgunean erabiltzaile bezala erregistratuta, herritarrek kexa, kontsulta edo zoriontzeak bideratu ditzakete [Bergaran 943 77 91 29 telefono-zenbakia dago, deiez gain whatsapp mezuak ere jasotzen dituena]. Herritarraren oinarrizko datuak eskatzen ditugun arren, modu anonimoan bideratzen dugu dena, urraketa egin duen entitate edo administrazioarekin harremanetan jartzen gara, kontzientzia har dezaten, eta aldaketa neurriak har ditzaten saiatzen gara. Legea ez dugu beti aldeko; beraz, garrantzitsua da herritar bezala gure eskubideak aldarrikatzea. 

"Administrazioan euskaraz aritzeko arazoak daude; bereziki, segurtasun eta osasun arloan"

Zeintzuk dira euskaldunok bizi izaten ditugun urraketa ohikoenak?

Zenbait administrazio publikorekin euskaraz normaltasunez aritzeko oraindik arazo nabarmenak daude, bereziki segurtasun eta osasungintza alorretan, baina eremu sozioekonomikoan –merkataritza, ostalaritza, zerbitzuak orokorrean…– euskaraz kontsumitu edo euskarazko informazioa eta zerbitzuak jasotzeko ditugun zailtasun eta ezintasunak ere gero eta gehiago errepikatzen dira. Agian, oraindik ez dugu behar besteko kontzientziarik, baina eremu digitalean eta pantailetan gure hizkuntza eskubideek duten egoera ere erabat bidegabea da.

Nola baloratzen duzu azken hilabeteotako oldarraldi judiziala?

Hizkuntzen aitortzaz eta haien arteko berdintasunik ezaz ari gara, eta hori larria da, inplizituki pertsonen berdintasunik ezaz ari garelako. Gutxiagotutako izaera horri buelta eman eta hizkuntzarekiko ere ekitate neurriak behar ditugu, baina, hori egin beharrean, hizkuntza eta izaera hegemonikoak betikotzearekiko hizkuntza politika egiten ari dira, epaitegien bidez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak