Duela bost urte argitaratu zenuen liburua eta iazko azaroan etorri zen euskarazko bertsioa, eguneraketa eta guzti; egoerak ez du hobera egin, ezta?
Gauza asko gertatu dira, baina funtsean gatazkak bere horretan jarraitzen du. Historikoa da. AEBetako ekonomia esklabotzan oinarritu zen hasieratik, eta horrek gatazka ekarri du gerora ere: gutxiengo bat erabat zapalduta bizi da. Arrazakeria sistemikoa da, eta azaltzen du AEBtan oraindik ere gertatzen diren gauza asko. Giza eskubide zibiletan aurrerapausoak ematen diren aldiro etortzen da supremazismo zuriaren erreakzioa, eta horrekin atzerapausoak. Etengabe errepikatzen den dinamika politikoa da. Gaur egun bizi dugun zatiketa ere dinamika horren ondorioa da. Bi errealitate paralelo daude AEBtan, eta horrek azaltzen du, neurri batean, gaur egun dauden giro gatazkatsua eta eskuin muturreko gobernua.
Gutxiengoek urratsak egiten dituzten aldiro, nagusitasun zuriak erantzun egiten du.
Hasieratik egon da erresistentzia mugimendu bat AEBetan. Hor daude, esaterako, 1861eko gerra zibila, 1960ko hamarkadako eskubide zibilen aldeko iraultza eta Obamaren izendapena, baina ondoren beti egon da erreakzio bat: lege segregazionisten indarraldia, Nixon presidentearen agintaldia, eta orain, Trump fenomenoa.
Metafora bat erabili ohi dut nik: bere armiarma sarea etengabe eraikitzen duen araknido erraldoiarena. Armiarma hori supremazia zuriaren boterea da. AEB herrialde independente moduan sortu zuten aita fundatzaileak esklabo jabe aberatsak ziren eta horrek definitu izan du beti supremazia zuriaren boterea. Hasieratik egon da erresistentzia mugimendu bat horren aurka eta historian zehar behin eta berriz apurtu du armiarma sare handi hori. Baina beti etorri da erreakzio. Momentu horietako batean gaude egun.
Erresistentzia mugimendu horiek nola ikusten dituzu gaur egun?
Esango nuke Trumpek hauteskundeak bigarrenez irabazi ondoren mugimendu sozial eta politiko aurrerakoiak choc egoeran daudela. Trumpek erabateko boterea du gaur egun: 2024ko hauteskundeetan botere exekutiboa irabazi zuen baina, baita ere, botere legislatiboaren bi ganberak. Gainera, Auzitegi Goreneko bederatzi epailetik sei berak izendatutakoak dira. Hori gutxi balitz, AEBetan dauden enpresa teknologiko handienen goi-karguak Trumpekin lerratu dira.
Horrek guztiak pisua du iritzi publikoaren eraikuntzan. Horren aurrean, beti izan den erresistentzia mugimendua neurri handi batean isilarazita dago. Baditu foro garrantzitsuak –demokraten diskurtsoa jarraitzen duten hedabide eta erakunde handiak–, baina kalean erabat itzalita dago.
Trumpek hauteskundeak lehen aldiz irabazi zituenean inoizko manifestazio handienak ikusi genituen Washingtongo kaleetan. Bigarrenez irabazi dituenean, ez. Horrek adierazten du AEBetako progresismoa choc egoeran dagoela eta demokraten proiektu politikoak ez duela jakin indarrak biltzen. Denbora kontua izango da akaso. Ez dakit.
Populismoa osasuntsu dago AEBetan; hitzaldian aztergai izango duzue.
Zoritxarrez, Europan ere gero eta hobeto ulertzen ditugu populismoaren mekanismoak; izan ere, Trumpek ezarritako politika egiteko moduek badituzte imitatzaileak Europan. Badirudi Euskal Herrian, oraingoz, ez dutela horrenbesteko indarrik, baina Frantziara, Espainiara, Italiara eta Alemaniara begiratu besterik ez dago zer-nolako arrakasta duten ikusteko. Zein da populismoaren formula? Batetik, etsaiak eta errudunak bilatzea eta beldurraren diskurtsoa zabaltzea; eta, bestetik, hiperbolearen edo esajerazioaren diskurtsoa erabiltzea. Orain onargarriak dira duela hamar urte guztiz onartezinak ziren diskurtsoak –arrazakeria, matxismoa, homofobia...–, eta diskurtso hori erabat mainstream bihurtu da AEBetan. Populazio hispanoaren zati batek ere bereganatu egin du, eta Trumpek botoak eskuratu ditu lehen eskuinarenak ziren poltsetan. Esango nuke Europan ez garela puntu horretara iritsi, baina susmoa dut heldu gaitezkeela.
Zein bide hartuko dute AEBetan?
Auskalo! Beldur naiz erabateko boterea duen eskuin mutur populista hori hurrengo pausoa emateko puntuan dela; hau da, eszenatoki autoritario batera iristea. Zantzuak badaude: etorkinen deportazio masiboak, esaterako. AEB demokrazia bat da oraindik; botereak baditu muga batzuk baina Trumpek, zalantzarik gabe, norabide autoritario bat hartu du. Ez dakit erresistentzia mugimenduek nola erantzungo duten eta zein izango den dinamika historiko horren hurrengo atala, baina argi dagoena da oso kezkagarria dela gertatzen ari dena.