Txiki eta Otaegiren omenezko margolanak, Olaso dorrean

Hasier Larrea 2025ko ira. 28a, 15:05

Peter Sacks artista ospetsuak mundu osoko erresistentzia eta askatasun borrokak omentzen dituzten hainbat margolanekin osatu du Resistance proiektua. Bertan, euskal militanteek ere tokia izan dute, eta munduko galeria nagusietan ikusgai izan ostean, Olaso Dorrean bisitatu daitezke haien omenezko obrak irailaren 26tik. 

Olaso Dorreak egun berezi horretan aurkeztu ditu Resistance proiektuko pieza bereziak, Txiki eta Otaegi militanteen fusilamenduaren 50. urteurrenean. Peter Sacks artista eta olerkari estatubatuar ospetsuak sortu ditu margolanok. 

Azken urteotan bere lan nagusietako bat izan da mundu osoko erresistentzia eta askatasun borrokak omentzen dituen margolan sorta zabala. Proiektua nazioarteko galeria nagusietan aurkeztua izan da, tartean Sperone Westwater Gallery (New York), Goodman Gallery (Londres eta Johannesburg) eta beste hainbat erakusketa gune ospetsutan. "Bertan irudikatutako pertsonaietan aurki ditzakegu Nelson Mandela, Mahatma Gandhi, Martin Luther King, Rosa Luxemburg, Vaclav Havel eta beste hainbat, gizatasunaren eta askatasunaren aldeko borroka orokor baten ikur gisa. Oraingoan, Txiki eta Otaegiri eskainitako margolanak gehitu ditu,; hala, Euskal Herriko oroimen historikoari eta askatasunaren aldeko borrokari lekua egin dio bere ikuspegi artistiko eta poetiko unibertsalean", adierazi du Olaso Dorrea Fundazioko lehendakari Irati Jimenezek.

Artelanak jasotzea, "ohorea"

Hain zuzen, arte-lan horien aurkezpena egin dute Jimenezek eta Maite Aristegi fundazioko lehendakariordeak. Bertan izan dira, baita ere, BEART elkarteko lehendakari Xabier Agirre eta Markel Azkargorta udal zinegotzia. Jimenezek gehitu du "ohorea" dela halako lanak jasotzea: "Munduari geure historia hurbilaren parte bat kontatuko dion artelan bat gehiago dugulako orain, eta guk obra artistiko handi bat gehiago dugulako historia hori zuritu nahi dutenei aurre egiteko, geure iragana izan den moduan gogoratzeko, eta egiari eta gure arbasoen memoriari aitortza egiteko". 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak