Zortzikoteak, otxoteak izan dira gaur eguerdian Bergaran giroa jarri dutenak. Alai Berri taldeak antolatuta, trikitilariekin batera kantubira egin dute herriko bost gunetan, eta poteoa alaitu diete kalean zeuden bergararrei. Aurretik, baina, ekitaldi solemneagoa egin dute Seminarixoan, Mikel Laskurain aktoreak gidautta. Talde bakoitzak launa kantu abestu ditu, dotorezia eta eskarmentu handia erakutsita.
Etxekoak izan dira oholtzara igotzen azkenak. Kantuan hasi aurretik, Alai Berri 2022an sortu zela azaldu dute, Alai taldeari jarraipena emanaz. Xabier Olabarriaren aginduetara aritu dira Mariano Agirre, Agustin Badiola eta Joxe Arrieta lehenengo tenoreak; Julio Unamuno eta Jexux Elorza tenore bigarrenak; David Kherkov eta Manex Olabarria baritonoak, eta Fran Martinez eta Carlos Etxaniz baxuak.
Emanaldia bukatzeko, bost otxoteek batera kantatu dute Agur jaunak. Kantu bira ere berdin amaitu dute, Bizi bedi Euskal Herri eta herritarrak abestuta. Jarraian, Pertxa elkartera joan dira bazkaltzera, elkarren arteko harremanak sendotzera, eta, nola ez, kantuan egitera.