UNED-Bergarak bi gradu bikoitz gehitu ditu 2025-2026 ikasturteko eskaintzan

Larraitz Zeberio Lekuona 2025ko ira. 26a, 10:52

UNED-Bergarak eguaztenean Donostian egindako informazio saioa.

Zientzia politikoa eta soziologia eta Zuzenbidea eta gizarte lana dira bi gradu bikoitz berriak. Unibertsitateak asteon aurkeztu du 2025-2026 ikasturteko eskaintza, Donostian. Ikasle berriei zuzendutako Ate Irekiko Jardunaldia iragarri du eguaztenerako Bergaran.

UNED-Bergarak eguaztenean aurkeztu zuen ikasturteko eskaintza, Donostian. Iñaki Esparza zuzendariak azaldu zuen erakundeak 30 gradu, gradu konbinatuak, 75 master, 21 doktoretza programa, mikrograduak, berezko ikastaroak eta etengabeko prestakuntzakoak eskainiko dituela; tartean, berriak diren bi gradu bikoitz: Zientzia Politikoa eta Soziologia eta Zuzenbidea eta Gizarte Lana.

Klasera joan ezin diren ikasleendako eskaintza zabala da, eta, aurten ere, 1300 ikasle baino gehiago espero dituzte 60 tutore baino gehiagoko lantaldea duen Bergarako egoitzan. Erdipresentziala den metodologiak aukera ematen du ikasketak norberaren egoerara egokitzeko; izan ere, online teknologia aurreratu bat eta tutoreen hurbileko tratua uztartzen ditu UNED-Bergarak. Hala, online unibertsitate bat baino gehiago da bateratzen dituelako nork bere erritmora egin ditzakeen ikasketak eta elkarrekintza pertsonala tutoreekin.

Batez beste 1300 ikasle

"Gipuzkoako ikasleen profila aniztasun handikoa da: ikasketak hasten dituzten gazteak, curriculuma hobetu eta profil profesionala sustatu nahi duten profesional aktiboak, birziklatu nahi duten pertsonak, enplegurako prestakuntza bilatzen duten langabeak, ezagutzak zabaldu nahi dituzten erretiratuak...", azaldu dute UNED-Bergaratik.

Psikologia, Zuzenbidea, eta Artearen historia izan ohi dira eskaera handieneko graduak eta horiekin batera azken urteetan abian jarritako mikrograduak edo gradu bakoitzak. "Aurten, bi gradu bikoitz berri ditugu: Zientzia Politikoa eta Soziologia alde batetik eta Zuzenbidea eta Gizarte Lana bestetik. Mikrograduek, berriz, arrakastatsuak izaten ari dira arlo zehatz batean espezializatzeko eta sakontzeko aukera ematen dutelako eta iraupena ohiko gradu batena baino askoz laburragoa delako. Graduak dituzten pertsona askok mikrogradu bat ikastera animatzen dira, adar konkretu batean sakontzeko edo gaurkotzeko asmoz".

Matrikula epea zabalik

Graduetako, mikrograduetako eta masterretako ikasketa ofizialetarako matrikula ofiziala zabalik dago urriaren 22ra arte. Zabalik dago matrikula, baita ere, 25-45 urte artekoendako den unibertsitatera sartzeko ikastarorako.

Interesatuek webgunean aurki dezakete informazio gehiago. Beste aukera bat da UNED-Bergarak eguaztenerako, urriak 1, iragarri duen Ate Irekiko Jardunaldian parte hartzea. Egoitza duen Errege Seminarioan izango da, 18:30ean. Online jarraitzeko aukera ere egongo da webgunean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak