Txapa irratiak domeka honetan ekingo dio ikasturte berriari, ohi dutenez, bilera ireki bat deituta; kartzela zaharrean elkartuko dira, 19:00etan. "Inork arra balu irratsaio bat egiteko edota Txapa kolektiboan parte hartzeko etor dadila lasai asko, eta proposatu dezala. Ateak beti izango ditugu zabalik", dio Txapako kide Lander Juaristik.
2024an bete zituen 40 urte Bergarako irrati libreak, eta urteurrena ospatzeko hainbat ekitaldi antolatu ostean "betiko martxan" jarraitzeko asmoa dute: "Irratia egitea ez zaigu kostatzen. Irratia izateaz gain, kartzela zaharrean aktibo dagoen kolektiboa ere bagara; ez dugu sekulako muskulua, kolektiboan ez gaude jende mordoa, baina gaudenok gustu handiz eta gustura egiten dugu egiten duguna".
"Osasuntsu", eta ateak zabalik
Jende asko ez, baina daudenak inplikatuta egonda, Txapa "osasuntsu" dagoela dio Juaristik. "Iaz zazpi edo zortzi saio izan genituen, guztiak bergararrek egindakoak. Horien artean bi aipatuko nituzke: batetik, Xarma, tiro, punk saioa haize freskoa izan da; kalitatezkoa eta interesgarria, ikuspegi feminista duena eta gaztea. Eta, bestetik, Antzerki-etxea saioa, erretiratu talde batek egina. Guztiz zabalik gaude ideia berriei, haize freskoari. Orain arteko egiteko moduekin egin nahi dugu aurrera".
Hori bai, ez dute daturik Txapa zenbat entzuten den zehazteko: "Ez dakit irrati libreetarako badagoen entzule kopurua zenbatzen duen makinatxorik, baina guk ez daukagu. Erreferentzia bakarra sare sozialetako ikustaldiak dira, baina datu tranpatiak dira. Ez dakigu zenbat entzuten den baina sorpresa atseginak eroaten ditugu kalean norbaitek geratu eta saio bat gustatu zaiola esaten digunean; egia da estudioan bakarrik egotearen sentsazioa badugula, baina saioa bukatzeaz batera sareetara igo eta podcast bihurtzen denez badira munduko beste txoko batetik jasotzen diren zorion mezuak. Ezjakintasun horretan gustura gaude".
Irratia kalera ateratzeko zita ere badute aurten: "Erreka auzolanean garbituko dugu urriaren 18an, eta Txapak Labegaraietatik kontatuko du eguna".
Oztoporik Ez!: urteurrena irailaren 26an, San Martin plazan
Kartzela zaharreko beste kolektiboetako bat da Oztoporik ez!, adierazpen anti-komertzialei espazio bat emateko sortua. Bihar, hilak 27, lehen urteurreneko festa ospatuko dute San Martin plazan (18:30) –aurreko kartel batean Irala kalean izango zela iragarri zuten–, Rukula, Nekktar eta Kuma No Motor taldeen kontzertuarekin eta Oztoporik ez! kolektiboko kideen DJ emanaldiarekin. Euriarekin, kartzela zaharrean egingo dute.