Xakearen bueltan "belaunaldi berri bat" sortu nahi dute Bergaran

Jokin Bereziartua Lizarazu 2025ko ira. 25a, 17:21

Gaztetxoak xakean, aurtengo Boluko jaietan. Argazkia: Bergara Xake Elkartea.

Bergarako Xake Elkartea gertu dago 2025-2026ko ikasturteari ekiteko. Xakea ahalik eta herritar gehienei zabaldu nahi diete, eta, horregatik, izena emateko deialdi berezi bat egin dute aurten. Lehen erronka bezala zehaztu dute 21 urtetik beherako gazteak erakartzea; eskolak urrian hasiko lirateke.

Bi talde osatu nahi dituzte: bata martitzen arratsaldeetan eta bestea egubakoitz arratsaldeetan. Zabalotegi dorrearen azpialdeko lokalean elkartuko dira. Izena emateko: 671 84 15 63 (Jon) edo 618 41 76 25 (Javi). Hiruhileko bakoitzaren prezioa 15 euro da.

Xakearen onurak aintzat hartzea

Hasteko, herritar gazteak erakarri nahi dituzte, ahal bada, xake jokalarien "belaunaldi berri bat" sortzeko; betiere, xakearen onurak aintzat hartuta. "Helburua da xakearen bueltan gazte gehiago batzea, izan xakea probatzen duten hasiberriak edo izan norberaren maila hobetu nahi dutenak. Xakeak, gainera, gaitasun kognitiboak garatzen laguntzen du; memoria, kontzentraziorako gaitasuna, sormena, irudimena, estrategia... Horrez gain, gaitasun psikosozialak ere lantzen dira, zeharka; harreman sozialak eta autoestimua, kasu. Eskolak modu didaktikoan eta entretenigarrian emango ditugu", adierazi dute.

Horrez gain, gogora ekarri dute Zabalotegiko ateak zabalik dituztela edozein zalerentzat: "Mende erdi baino luzeagoa den xake-tradizioa dugu Bergaran".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak