"Egitura femeninoa oso sendo" dago Bergarako saskibaloi sailean

Jokin Bereziartua Lizarazu 2025ko ira. 27a, 09:12

Maialen Rodriguez, pertsonal bat saskiratzeko gertu, Euskal Ligara igotzeko maiatzaren 10ean jokatutako Lauko Finalean.

"Ilusio handiz eta anbizioz" ekin dio 2025-2026ko denboraldiari Bergarako saskibaloi sailak: "Iazko bidetik jarraituko dugu, 11 talderekin eta egitura femeninoa oso sendo mantentzen dugula. Jokalariak hezten jarraitu nahi dugu, kantxan eta kantxatik kanpo". 

Martxan da denboraldi berria Bergara Kirol Elkarteko saskibaloi sailean. Zuzendaritza taldeko Borja Elkoroberezibarren arabera, "ilusio handiz eta anbizioz" ekin diote 2025-2026ko denboraldiari: "Erronka politak ditugu aurretik. Oso pozik gaude kategoria gehienetan izango dugun egiturarekin; izan ere, iazko bidetik jarraituko dugu, klubean hamaika talde ditugula, eta egitura femeninoa oso sendo mantentzen dugula".

Kontrara, gizonezkoen junior mailako taldea galdu egin dute, baina ez daude oso kezkatuta: "Egia da aurten mutilen junior mailako taldea galdu dugula, baina uste dugu denboraldi bakarreko kontua izango dela. Beraz, ilusioz eta gogo biziz ekin diogu denboraldi berriari".

150 bat neska-mutiko aurten

Aurten hamaika talde izango ditu saskibaloi sailak. Senior mailan hiru talde: gizonezkoen bi talde –bata Gipuzkoako bigarren probintzialean eta bestea bigarren nazionala mailan– eta emakumezkoen talde bat –Gipuzkoako lehen probintzialean–. Junior mailan nesken parte-hartze mailako talde bakarra egongo da. Kadete mailan, ordea, lau talde: bi emakumezko eta bi gizonezko, denak parte-hartze mailan. Eta, amaitzeko, infantil mailan gizonezko talde bat eta emakumezko bi talde egongo dira. Horrez gain, eskola kirolaren barruan lau talde izango dituzte alebin mailan. Guztira 150 bat neska-mutiko arituko dira hasi berri den denboraldi honetan saskibaloiaren bueltan.

"Familia bat osatu nahi dugu"

Denboraldi berrirako helburuen artean "jokalarien prestakuntza" azpimarratu du Elkoroberezibarrek: "Gure helburua da jokalari guztiak jokalari bezala hazi daitezela, saskibaloian zein bizitzako balioetan. Hau da, kantxan zein kantxatik kanpo, jokalariak hezten jarraitzea da gure xede nagusia. Klubera hurbiltzen den orok jokatzeko eta parte hartzeko aukera izan dezan dihardugu lanean, inor alboratu gabe. Horrez gain, baditugu zenbait talde mailaz igotzeko aukerekin, eta senior mailako taldeetan esperientzia hartzea eta kategoriak mantentzea izango dira helburu nagusiak".

Gainera, "beste helburu handiago baterako jauzia" eman nahi dute: "Familia bat osatu nahi dugu, talde guztiek elkar animatu dezatela. Bereziki emakumezkoen zein gizonezkoen lehen taldeetan kiroldegiko harmailak ahalik eta gehien betetzea nahiko genuke. Harmailak beteta edo hutsik izanda jokatzea asko nabaritzen da; horregatik nahi dugu jokalari, entrenatzaile, guraso eta senideak Labegaraietan elkartzea, beste edozein herritarrekin batera".

Eskola kirola derrigorrezkoa ez izateak ez du jaitsiera handirik eragin, oraingoz

Saskibaloia kalera atera

Eskola kirola derrigorrezkoa ez izateak ez du jaitsiera handirik eragin, oraingoz, saskibaloi jokalari kopuruan: "Gertutik jarraituko dugu gaia, guretzat oso garrantzitsua da-eta neska-mutiko guztiek aukera izatea saskibaloia probatzeko. Eskola kirolak lan hezitzaile handia egiten du eta horregatik uste dugu orain arteko eredua bultzatzen jarraitzea komeni dela".

Bestalde, saskibaloia kalera ateratzen jarraituko dute: "Kiroldegia herrigunetik urrun dago eta ez da erraza gure jarduna herriari erakustea". Hain zuzen, horretarako antolatzen dituzte, besteak beste, Gabonetako eta ekaineko hiruko txapelketak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak