Bergarako Laboratorium museoa: hamarkada bat zientzia irekitzen

Jokin Bereziartua Lizarazu 2025ko ira. 26a, 09:12

Carles Puche –ezkerrean, zutik– ilustratzaile zientifikoaren ikastaroa, 2025eko apirilean. Argazkia: Imanol Soriano.

2015eko irailaren 25ean inauguratu zuten Laboratorium museoa, eta gaur, hamar urte eta egun bat geroago, urteurrena ospatzeko ekitaldi berezi bat antolatu dute, herritar guztiei zabalik. Ilundu ostean egingo dira ekitaldi ikusgarrienak, museoaren "gaurik berezienean". 

Hamar urte zientziari ateak zabaltzen; hori dio Laboratorium museoaren hamargarren urteurreneko leloak: "Horixe izan da hasieratik museoaren helburu nagusia: gizarteari eta herritarrei zientziaren unibertsorako ateak parez pare zabaltzea. Azken batean, zientzia gizarteari hurbiltzea eta gizartea zientzian murgiltzea. Eta horixe izan da eta da museoak aurrerantzean ere jarraitu nahi duen bidea". 

Ospakizun ekitaldi berezia

2015eko irailaren 25ean inauguratu zen ofizialki Laboratorium museoa, urte luzeetako lanaren ondoren, eta museoa lehenengoz bisitatu zuten herritarrek Simon Arrietaren jaiotzaren mendeurrenaren aitzakian sortutako erakusketa bat bisitatu ahal izan zuten. Gaur, hamar urte eta egun bat geroago, urteurrena ospatzeko ekitaldi berezi bat antolatu dute.

Rosa Errazkin eta Iñaki Irizar, museoa ireki aurretik, 2015eko martxoan. Argazkia: Eneko Azkarate. 

Iñaki Irizarren ekarpena gogoan

Ez dago ulertzerik Laboratorium museoaren irekiera Iñaki Irizar biologoaren ekarpenik barik, ezinbesteko eragileetako bat izan zen-eta museoa errealitate izan zedin. Honako hau zioen Irizarrek 2015eko martxoan, GOIENAri emandako elkarrizketa batean: "Museoaren misioa bere baitan duen aberastasun kulturala zabaltzea eta balioestea izango da; hau da, pieza bakoitzak ezkutatzen dituen sekretuak eta istorioak argitzea, eta bisitariei zein gizarteari modu entretenigarrian aurkeztea".

2020ko abenduaren 19an hil zen Irizar, eta orduan Rosa Errazkinek hartu zion lekukoa museoko zuzendari bezala, hasieratik Irizarren ondoan egon dena: "Bereziak. Horrela deskribatuko nituzke Laboratorium museoaren 3.650 egunak. 2015ean zabaldu genituen ateak. Urte hartan ekin genion bide berri bati. Gizartea zientzian murgildu eta zientzia gizarteratzeko bideari. Museoak, gaur, hamar urte betetzen baditu ere, haren sustraiak harago kokatu behar dira. Ez dut ahaztu gabe utzi nahi aurretik urte askoan egindako lana Errege Seminarioaren bilduma berreskuratzeko, Europako zientzia ikerketa-zentro ospetsuenetako bat. Eskerrik asko lan hartan aritutako guztioi". 

Elkarlana dago oinarrian

Errazkinen arabera, elkarlanik gabe ez legoke museorik: "Elkarlanaren emaitza da proiektu zoragarri hau, zientziaren unibertsoko ateak parez pare zabaltzen dituena. Haur, gazte zein helduei. Museoa guztiona da. Eta horretan jarraituko dugula zin egiten dizuegu. Hori da gure esentzia. Hori da gure zientzia. Euskal Herriko zientziaren dibulgaziorako topagune izaten jarraitu nahi dugu. Ondarea bildu, zaindu, ikertu eta ezagutzera ematen duena. Zientzia bildumen, kimikaren, fisikaren zein zoologiaren bitartez".

Rosa Errazkin, museoko zuzendaria: "Elkarlanaren emaitza da. Hori da gure esentzia, hori da gure zientzia"

Helmuga ez, abiapuntu berri bat

Bestalde, Gorka Artola alkateak dio ospakizunerako eguna izateaz gain hausnarketarako eguna ere badela: "Bergarak betidanik izan du jakintzarekiko eta berrikuntzarekiko grina. Museoaren bidez tradizio hori gaur egungo erronketara egokitu dugu: zientzia inklusiboagoa, parte hartzaileagoa eta berritzaileagoa eraikitzea. Gaurko ospakizuna ez da helmuga bat, baizik eta abiapuntu berri bat. Elkarrekin, zientziaren eta jakintzaren bidea egiten jarraituko dugu. Eskerrik asko!".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak