Ikasturte politikoari ekin dio Bergarako Udal Gobernuak, "zaintzen duen herri bat" helburu

Jokin Bereziartua Lizarazu 2025ko ira. 25a, 15:18

Bergarako Udal Gobernua, udaletxean. Argazkia: B.U.

Ikasturte berriari ekin diola aditzera emateko oharrean, Bergarako Udal Gobernuak "zaintzen duen herri bat" jarri du "ardatz estrategiko" gisa. "Gobernu taldearen arabera, zaintza ez da soilik zerbitzu publikoen antolaketa izango, baizik eta bizitza komunitarioaren antolaketa, harremanak, espazioak, hizkuntza, kultura eta bizikidetza zaintzea", adierazi dute. 

Hain zuzen ere, Udal Gobernuak arlo guztietan zaintza ekosistema bat ehuntzen jarraituko du, "Bergara bizigarriago bat" eraiki asmoz. Honela dio Gorka Artola alkateak: "Zaintza ekosistemaren ikuspuntua lantzen eta barneratzen jarraitu nahi dugu. Horren esan nahi du, zaintza, zaintzaileak eta zainduak erdigunean jartzea. Horretarako, bergarar guztion laguntza beharko dugu". 

Bederatzi arlo, gai edo esparru

Zaintza ardatz hartuta, bederatzi arlotan edo gaitan jarri dute arreta. Lehenean, herritarren arloan, zaintza ekosistemaren ikuspuntua lantzen eta barneratzen jarraitu nahi dute, besteak beste, adineko pertsonak erdigunean jarrita, etxez etxeko laguntza zerbitzu ereduaren "lanketa sakonean" jarraitzea eta ongizate departamendua herriko plazan kokatuta, herritarren arreta "hurbilago eta irisgarriago" baterako. 

Bigarren arlo baten umeak eta nerabeak kokatu dituzte: "Adineko pertsonak bezala, zaintzari lotuta erdigunean jarri nahi diren beste herritar batzuk haurrak eta nerabeak dira, etorkizuneko Bergararen oinarria izango baitira". Umeen parte hartze kanal iraunkorra diseinatu eta martxan jarriko dute Herri Hezitzaileak ekimenaren ikuspegitik, eta nerabeen ongizate emozionalean eragiteko "mahai espezifiko bat" sortuko dute. 

Hirugarren esparrutzat dute hezkuntzarena: "Kulturartekotasunaren eta segregazioaren aurkako lana sustatuko dugu, hezkuntza sistemaren bidez berdintasuna, elkarrizketa eta bizikidetza erdigunean jarriz eta jatorri, hizkuntza eta kultura ezberdinen arteko errespetua eta elkarrekintza bultzatuz". Horretarako, besteak beste, sortuta dagoen kulturartekotasun mahaitik nerabeen harrera plana eta kulturarteko jaia bideratuko dira. 

Kirola dute laugarren jomuga bezala, "ongizatea, inklusioa eta komunitate lotura" sustatzea helburu. Kirol arloan eskola kirola, familien inplikazioa, kirol elkarteen komunikazio egonkorra, inklusio programa bereziak eta osasun sarearekin elkarlana dira, bereziki, sustatu nahi dituzten egitekoak. 

Kultura arloan, bestalde, "arnasguneak eta topaguneak" bultzatuko dituzte: "Bergara justuago bat eraikitzeko bidean, herritarren parte-hartzea sustatuz, sormen adierazpideak babestuz eta belaunaldi ezberdinen arteko elkarrizketa erraztuz". Arrizuriaga kultura topagune bezala garatzen ari dela-eta uda ostean parte hartze prozesua berraktibatuko dela diote, funtzioak zehazteko. Laboratorium museoa ere "ezagutza zientifikoaren arnasgune" gisa finkatu nahi dute. 

Bestalde, Bergara euskararen arnasgune izatea nahiko luke Udal Gobernuak. "Zaintzen duen herri bat dela esaten dugunean, zaindu behar dugun beste puntu bat da Bergara euskararen arnasgune izaten jarraitzea". Euskara sustatzeko aipatzen dituzte, besteak beste, ume eta gazteen gaitasuna sendotzeko errefortzu programak, BKErekin proiektu integral berria, mundu digitalean euskararen presentzia areagotzea, Harixa programarekin jarraitzea, merkataritzan eta ostalaritzan ekimen berriak abiatzea eta euskararen historia soziala jasotzen jarraitzea. 

Zazpigarren esparru batean, hirigintza eta ingurumen jasangarritasunean, bidegorri sarea –laugarren faseko lanak martxan dira–, seminarioko patioaren erabilera berria, alde zaharrean oinezkoei lehentasuna emateko sistemak, energia jasangarritasuna, lur ez urbanizagarrien kudeaketa plana, Itsasmendiko proiektua eta Bergara gune tentsionatu izendatzeko lanketa aipatzen dituzte. 

Auzoei dagokienez, auzoa ere erdigunean jarri nahi dituzte. Neurri hauen berri eman dute arlo horretan: auzo ordezkariekin bilerak hilean behin egitea; San Juango zubia konpontzea; herri bideak konpontzea Angiozarren, Elosuan, Elorregin eta Basalgon; Boluko ezponda egonkortzea; Txuringo taberna berritzea; eta Angiozarko memoria proiektuari heltzea. 

Azkenik, berdintasunaren eta bizikidetzaren arloan, honako ekintza hauek iragarri dituzte: indarkeria matxistaren aurkako protokoloak indartzea; emakumeen arteko sareak eta jaietako protokoloak garatzea; Txoko Feminista garatzea Arrizuriagan; hezkidetza programa berriak txertatzea Lehen Hezkuntzan; sexu eta genero aniztasunaren diagnostikoa egitea; eta antiarrazakeria politikak finkatzea. 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak