Antxintxika krosa lagunartean egin nahi duenak garaiz dago izena emateko, hilabete pasatxo dauka-eta 10 kilometrotako lasterketa prestatzeko. Azaroaren lehenengo egunean izango da lasterketa, eta aurtengo edizioan ez da aparteko aldaketarik izango. "Dortsalak jasotzeko aukera bakarra izango da aurten, lasterketaren aurretik Seminarixoan egongo den postuan. Eta, izena ematen duten guztiek izango dute automatikoki Soraluzeko irteera puntura autobusean joateko aukera. Ibilbideari dagokionez ez da aldaketarik egongo, eta bai eskatuko nuke sari banaketa ekitaldian jendea inguruan geratzea, zozketa politak egingo ditugulako eta sari potolo batzuk ere banatuko ditugulako. Hala, zozketaren momentuan saria jasotzera azaltzen ez denak ez du saririk izango, berriro egingo da zozketa. Barra bat ere jarriko dugu bertan, eta giro polita sortzea da helburua. Horrekin batera, gure lasterketa txikia da, eta berau antolatzen laguntzen diguten babesleei eskerrak eman nahi dizkiegu", adierazi du Eneritz Urrutiak.
Antxintxika kroseko ordutegiak
- 15:15 gaztetxoendako lasterketak Bergaran
- 16:30 Handbike irteera
- 16:45 patinen irteera
- 17:00 korrikalarien irteera